12.000 FAMILIA BEHARTSUK ELIKAGAI-SASKI SOLIDARIO BAT JASOKO DUTE GABONETAN
Kolapso BBKren esperimentu sozial eta artistikoak Bizkaiko gizartea planetaren gainean egindako presioaren inguruan sentsibilizatzea zuen helburu, eta esperimentuak herritarren artean izandako parte-hartze handiari esker, hamabi mila familia behartsuk elikagai-saski solidario bat jasoko dute Eguberri hauetan. BBKren ekimena da, Bizkaiko Elikagai Bankuarekin eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean, eta Athletic Fundazioak ere bat egin du ekimenarekin, Elikagai Bankuari eta Gurutze Gorriari sei kamiseta emanez.
“Kolapso kanpaina aurkeztu genuenean, konpromisoa hartu genuen, herritarrek egindako inkesta bakoitzeko, elikagaiekin saski bat emateko premian zeuden Bizkaiko familiei” gogorarazi du gaur Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak Bizkaiko Elikagai Bankuaren egoitzan. Esperimentuak agerian utzi zuen oraindik bide handia dagoela egiteko planetarekin erabaki arduratsuak hartzeari dagokionez –izan ere, SpY nazioarteko artistak sinatutako instalazioa aurreikusi baino lehen kolapsatu zen–, baina herritarren parte-hartze handiaren ondorioz, “familia horiei guztiei laguntzeko aukera izan da urte oso seinalatu honetan eta bereziki zaila datorren urte-amaieran, erosketa-saskian igoera geldiezinekin. Badakigu keinu txiki bat dela, baina hemen dauden erakundeek inor atzean ez uzteko egiten duten lana irudikatzea gustatuko litzaiguke”.
Kolapso kanpainan, herritarrek 10.000 inkesta baino gehiago bete zituzten. Elikagai Bankuak premian dauden 12.000 pertsona eta familia identifikatu dituenez, BBK-k konpentsatu du tarte hori, Gabonetako saskia guztiek jaso ahal izan dezaten. Elikagai Bankua eta Gurutze Gorria, astero Bizkaiko familia behartsuen artean premiazko elikagaiak banatzen dituzten erakundeak, dagoeneko ari dira Gabonetako saski berezi horiek banatzen.
Luis Crovettok, Bizkaiko Elikagai Bankuko lehendakariak, esan du “oso garrantzitsua dela erakundeen arteko lankidetza pertsona behartsuen beharrizanei aurre egiteko, lankidetzatik soilik aurre egin dakiokeelako bazterkeria-egoeratik ateratzeko laguntza behar duen kolektibo baten egoerari”.
Gurutze Gorriaren aldetik, Victor Gutierrez lehendakariak gaineratu du “horrelako ekimenak beharrezkoak direla, pertsona behartsuenekiko elkartasun eta konpromisoaren alde lan egiten dugun erakundeon sareko lana eta parte-hartzea erakusten dutelako”.