BILBOKO UDALA, ATHLETIC ETA BISUBI FUNDAZIOA, SAN TOMAS AZOKAN OMENDUAK

Bilboko Udalak, Athletic Clubek eta BISUBI Fundazioak BBKren omenaldia jaso dute gaur goizean Bilboko San Tomas azokaren hasiera-ekitaldian Areatzako kioskoan. BBK-k aitortu gura izan ditu, hurrenez hurren, Udalaren inplikazio historikoa azokaren antolaketan; BISUBik edizio honetan izan duen dedikazio altruista eta solidarioa; eta Athleticek gizarteari, bereziki gazteei, elkartasuna, errespetua eta bizikidetza bezalako balioak helarazteko egiten duen ahalegina.

Xabier Sagredo BBK-ko lehendakariak, Lorea Bilbao Euskara, Kirola eta Kultura diputatuak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak banatu dituzte errekonozimendu edo aitortzak. Ekitaldian, besteak beste, Gorka Martínez, Elixabete Etxanobe, Amaia Antxustegi eta Xabier Ochandiano ere izan dira.

Edizio solidarioa eta ‘gastroa’

Goizean goizetik –ekoizleen azokak 9:00etan ireki ditu ateak eta 20:00etan itxiko ditu– bizkaitarren gogoa nabaritzen da, bi urteko etenaldiaren ostean, Gabonen atariko azoka tradizionalaz gozatzeko.

Areatza ingurua Bilbon urteko hitzordurik ezagunenetako bat den San Tomas azokaren epizentroa da gaur; aurten 73. edizioa du azokak, 137 ekoizle eta 238 etxolaren parte-hartzearekin.

San Tomas azokako baserritar askok hartuko dute parte urtero produkturik onenak ─frutak, ortuari edo barazkiak, gazta, eztia, ogia, txakolina, sagardoa eta posturik onena─ saritzen dituen lehiaketan. Era berean, BBK-k belaunaldi-erreleboa saritzen jarraitzen du, ekoizle gazteenari saria emanez, baita emakume baserritarrari sari berezia ere. Sari-banaketa Areatzako kioskoan izango da 13:00etan eta irabazleen izenak www.bbk.eus/egungo-gaiak webgunean emango dira argitara.

Gainera, aurtengo azokak izaera solidario nabarmena du. 11:30etik aurrera, BISUBIko sukaldarien eskutik putxera solidarioak prestatzen ari dira Emakumeen plazan Bailen-en. 5.000 indaba-anoa ‘sakramentu’ eta guzti, hiru euroren truke dastatu ahal izango delarik anoa. Bestalde, 11:30etik 13:00etara BISUBIko sukaldariek azoka berean erositako produktuekin egindako pintxoen enkante solidarioa izango da Areatzako Kioskoan. Ekitaldi solidario bikoitz horretan batuko den dirua ASPANOVASera, minbizia duten haur eta nerabeen gurasoen Bizkaiko elkartera, bideratuko da.