BBK, URTEKO HIRUGARREN IRAGARLE SORTZAILEENA, MARKETING DIRECTO ARGITALPEN ESPEZIALIZATUAREN ARABERA

BBK 2022ko hirugarren iragarle sortzaileena da, Burger King eta Madrid Fusión-en atzetik soilik, Marketing Directo marketin digitaleko informazioan espezializatutako online komunikabide liderraren arabera. BBK-k hirugarren postua lortu du, LLYC-en “Bihar” lan (estatu barruan eta kanpoan) goretsiari esker, Espainian 2022an egin den bigarren kanpainarik sarituena izan delarik, gainera.

Hirugarren iragarle sortzaileenari egindako aitortza edo errekonozimendu honi esker, BBK aurrekontu handiko enpresa askoren aurretik jarri da, hala nola, KFC, Amazon Prime, Corona, Gurutze Gorria, Cupra… edo Espainiako Gobernua bera.  Gainera, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, web-atari ospetsuaren rankingean berriro ageri den erakunde bakarrenetakoa da –bost baino ez dira izan–, eta, gainera, laugarren urtez jarraian ageri da. BBK-k 1.000 puntu lortu ditu eta, horri esker, hamar postu igo ditu iazko rankingetik.

‘Bihar’, kanpainarik sarituena

2021eko irailean, Bilbo harrituta geratu zen, Itsasadarrean tamaina handiko eskultura hiperrealista bat agertu baitzen, marearen arabera, uretatik irteten zen edo bertan murgiltzen zen neskato bat zen. ‘Bihar, etorkizuna aukeratu’ komunikazio-kanpainaren lehen ekintza zen; hala, gaur egungo erabakiek etorkizunean izango dituzten ondorioei buruzko gizarte-eztabaida sustatu gura izan zuen BBK-k, eta harekin estrategia korporatibo berri bat, lehiakortasun iraunkor edo jasangarrian oinarritua, aurkeztu zuen.

Ruben Orozcoren eskulturak, Zubizuriko zubiaren parean Bilboko itsasadarrean murgildua, eta ‘Bihar’ film laburrak, gure egungo erabakiek gure etorkizunean duten eraginari buruzko hausnarketa soziala sortzeaz gain, BBKri aitorpen edo errekonozimendu ugari eman dizkiote, besteak beste, Sari Nagusi bat, hiru Urre eta lau Zilar El Sol Publizitate Komunikazioko Jaialdi Iberoamerikarraren azken edizioan.