BERE HAUR-ESKOLETARAKO MATRIKULAZIO-EPEA IREKI DU BBK-K

2022 eta 2023 artean jaiotako seme-alabak dituzten familiek, 2023-24 ikasturterako haur-eskola baten bila badabiltza, gaurtik hasi eta datorren martxoaren 3ra arte egin dezakete matrikula BBK-k Bilbon (Laurencín Markesaren kalea, 1- Santutxu) eta Getxon (Ezequiel Agirre, 21 – Erromo) dituen zentroetarako. Eskaera www.bbk.eus webgunearen bidez egin behar da.

Baliabide komunitario horren bitartez, familia eta lana bateragarri egiten lagundu gura du BBK-k hezkuntza-ikuspegitik, sare publikoaren eta pribatuaren eskaintza osatuz. Bi zentroek arreta-ordutegi zabala dute: 7:30etik 18:00etara, eta instalazio zabal eta argitsuak, mugimendu-, hezkuntza-, jolas- edo atseden-jarduerak egiteko aukera ematen dutenak.

Zentroetako lantalde profesionalak D ereduan eskaintzen du zerbitzua, bizitzako lehen urteetan dauden umeen garapen intelektual, fisiko eta sozialera bideratuta. Jolasaren bidez egiten dute, ume bakoitzaren banakotasuna eta heldutasun-garapena errespetatzen dituen konfiantza- eta segurtasun-giroan. Familiak sarbide pribatu eta seguruko blog batean sar daitezke, eta bertan eskolaren eguneroko martxa ikusi ahal izango dute.

Hileko kuotak 235 eurokoa izaten jarraituko du urtean 40.000 eurotik beherako errentak dituzten familientzat, eta 290 eurokoa diru-sarreren muga hori gainditzen dutenentzat. Prezioan umetxoen beharrizanen arabera prestaturiko menua sartzen da, eta, aukeratutako ordutegiaren arabera, fruta, askari edo merienda gisa.