BBK-K ETA BERMEOKO UDALAK GIZARTE-ERAGIN POSITIBOKO EKIMENAK BULTZATZEA ADOSTU DUTE
BBK-k eta Bermeoko Udalak gaur aurkeztu dituzte 2023an “Herriz Herri” programaren babespean herrian egingo diren inpaktu sozial edo gizarte-eragin positiboko ekimenak. BBK-k 2022an Trapagaranen aurkeztutako ekimen honen helburua da, Bizkaiko udalekin batera, aukera-berdintasun, gizarteratze eta lurraldearen garapenaren alde egiten duten ekintzak lantzea, lehiakortasun jasangarriaren eta GJHen ikuspegitik. Gaur goizeko aurkezpen-ekitaldian Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak eta Idoia Platas Bermeoko alkateordeak parte hartu dute.
“Herriz Herri” ekimenari esker, BBK-k bultzatutako hiru proiektuz gozatu ahal izango dute bermeotarrek, eta horietan parte hartu: Eup!, Eten Digital tailerra eta Azokak.
Eup!-ek merkatariei zuzendutako prestakuntza-saio batzuk egin gura ditu, beren trebetasun digitalak hobetu ditzaten; horretarako, beraien garapen digitala bultzatuko du, eta tokiko merkataritzaren eskaria sustatzeko edo beren salmenta-kanalak zabaltzeko tresnak eskainiko dizkie.
Bestalde, Eten Digital tailerrak eten edo arrakala digitalak heldu eta adinekoengan dituen ondorio negatiboak minimizatzeko lan egiten du, beren smartphoneen eta kolektiboarentzat interesgarriak diren aplikazio batzuen (hala nola SOS Deiak, Osakidetza, WhatsApp edo online bankaren aplikazioen) oinarrizko erabileraren bidez.
Eta, azkenik, Azokak proiektuari esker, BBK-k Bermeoko Udalari lagunduko dio bere Azoka antolatzen, lehen sektorearen bideragarritasuna bermatuz, zuzeneko salmenta-kanalak herritarrengana hurbilduz eta tokiko produktuei eta kontsumo arduratsuari balioa emanez.
“Herriz Herri” BBKren ekimen bat da, Bizkaiko 80 udaletan baino gehiagotan egongo da, eta erakundearen aldetik 36 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa du. Proiektu honen esparruan, goian aipatutako jarduerez gain, gizarte-inpaktu positiboko beste ekimen batzuk egiteko aukera dute udalek, adibidez: GJHen Escape Room-a, publiko guztientzako jarduera ludiko eta parte-hartzailea, Garapen Jasangarrirako Helburuak ezagutarazten saiatzen dena; “Bakardade Ikusezina” erakusketa: batez ere adinekoei eragiten dien nahi gabeko edo gura bako bakardadearen gizarte-arazoari ikusgarritasuna eman nahi dion erakusketa da, eta, aldi berean, herritarrak kontzientziatu gura ditu zaintzaren eta elkartasunaren bidez komunitate- eta gizarte-loturak indartzearen garrantziaz; edo Artearen Ibilbidea: BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarrekin antolatutako ekimena da, artea eta kultura Bizkaiko lurraldera eta bizkaitarrengana hurbiltzea bultzatu nahi du kalitate handiko artelanen erreprodukzioak gune publikoetan jarrita.