ZABALIK DAGO BBK SASOIKO TAILER ETA PROIEKTUEN ESKAINTZA BERRIAN IZENA EMATEKO EPEA

Datozen hilabeteetan egingo diren Sasoiko tailer eta proiektuetan izena emateko epea ireki du BBK-k. Helduen gaitasunak erraztera, prestakuntza sustatzera, ekimenak sortzera eta esperientziak partekatzera bideratutako jarduera-sorta bat izango da. Oraingo honetan, besteak beste, ongizate fisiko eta mentala bultzatuko duten prestakuntzak programatu dira, baita argazkigintzari, zinemari edo podcast-ei buruzko trebetasun berriak garatuko dituztenak ere.

Martxoan hasiko den eskaintza berri honekin, BBK Sasoiko programak bi prestakuntza-modalitate eskaintzen ditu. Alde batetik, parte-hartzaileek prestakuntza jasoko dute tailerretan; eta, bestetik, proiektuak izango dira, non, prestakuntza emateaz gain, parte-hartzaileek azken proiektu bat egingo duten, gizarte-proiektu bati lotuko zaiona. Prestakuntza guztiak BBK Sasoiko gunean emango dira, Bilboko Erronda kalean.

Izen-emateak esteka honen bidez egin behar dira:  https://bbkytu.bbk.eus/

BBK Sasoiko tailerrak Zuhaitz genealogikoari buruzko tailer batekin hasiko dira, martxoaren 8tik ekainaren 7ra. Tailer honek familiaren historia modu atsegin, praktiko eta eguneratuan ikertzera gonbidatzen du. Asteazkenetan 11:00etatik 13:00etara izango da. Ongizate fisikoa talde-barruko jarduera fisiko bat sortu nahi duen tailer baten bidez jorratuko da, prestakuntza amaitu ostean praktikarekin jarraitzeko. Martxoaren 9tik ekainaren 8ra egingo da, astearte edo martitzenetan, 11:00etatik 13:00etara.

Horren osagarri perfektua Garapen eta ongizate tailerra izango da, eta bere helburua osasun mentala sustatzea eta garapen pertsonala eta parte-hartze soziala lantzea izango du. Martxoaren 17tik ekainaren 2ra egingo da, ostiral edo barikuetan, 11:00etan.

Era berean, BBK Sasoikok hainbat proiektutan izena emateko aukera eskainiko du, eta horietan proiektu sozial bati lotuko zaion azken proiektu bat egingo dute parte-hartzaileek. Mugikor bidezko argazki-proiektuaren helburua da parte-hartzaileak argazkigintzan trebatzea, lortutako ezaupideak erabili ahal izateko, eta kasu honetan, denboran zehar Bilboren aldaketa argazki bidez adieraziko duen erakusketa bat muntatzeko. Prestakuntza martxoaren 7tik ekainaren 13ra bitartean emango da, astearteetan, 10:30ean.

Zinema-proiektuaren bidez, ikasleei zazpigarren artea modu teoriko-praktikoan hurbiltzea bilatzen da, fikziozko film labur bat sortzen modu aktiboan parte har dezaten. Prestakuntza martxoaren 8tik ekainaren 14ra bitartean egingo da, asteazkenetan, 17:00etan. Eta Podcast proiektuaren helburua, bestalde, adineko pertsonek beren kezkak partekatzea eta egungo komunikazioaren munduan autonomoak izatea da. Horretarako, podcast bat sortzen ikasiko dute hutsetik abiatuta. Prestakuntza hau martxoaren 9tik maiatzaren 18ra bitartean emango da, eguen edo ostegunetan, 10etan.

BBK Sasoiko eskaintza beste bi proposamenekin osatuko da. Irakurketa dramatizatuen proiektua martxoaren 7tik ekainaren 13ra egingo da, astearte edo martitzenetan 16:30ean, eta parte-hartzaileei aukera emango die antzerki-lanak (eta beste literatura-genero batzuk) irakurtzeko modu antzeztuan eta espresibo edo adierazkorrean. Eta Inprobisazio-proiektuarekin, ikasleek entzuten ikasiko dute, beren buruaz barre egiten eta jolasaren bidez denok barruan daramagun istorio-pila hori deskubritzen. Prestakuntza hau martxoaren 6tik ekainaren 12ra bitartean emango da, astelehenetan edo astearteetan, 16:30ean.