BBK MENDI MARTXAK, zazpi irteera eginerraz lurraldea zaintzen eta babesten ikasteko
2023/03/06
Iaz lortutako arrakastaren ostean, BBK-k Bizkaiko ingurune naturala hobeto ezagutzera gonbidatzen ditu berriro bizkaitar guztiak, ingurune horren zaintza eta babesa bultzatzeko. BBK Mendi Martxak programaren edizio honetan zailtasun teknikorik gabeko zazpi ibilbide sartzen dira, ikerketaren arloak lehen mailakoak diren hizlarien hitzaldi-ziklo bat, ingurumena babesteko konpromisoa, eta ingurumen-erronka bat Mendi Martxak 2023 karbono aldetik ekimen neutroa izatea lortzeko, iazko edizioa izan zen bezalaxe, Pagasarrin ehun bat gorosti landatu izanari esker.
Ekimen hau Ainhoa Elortegi ingurumen saileko arduradunak, Victor Manuel Vivar Bizkaiko Mendizale Federazioko presidenteak eta Jon Hidalgo Lurgaia Fundaziokoak aurkeztu dute gaur goizean BBK Salan. Otsailaren 5ean hasi zen ekimena Sarrimendin eta asteburu honetan Enkarterrin jarraituko du, Kolitzako igoerarekin.
‘BBK Mendi Martxak’ Nazio Batuek 2030 Agendaren esparruan zehaztutako Garapen Jasangarrirako Helburuetako hainbatekin bat datorren proiektua da. Aurkezpenean, Ainhoa Elortegik adierazi duenez, “datozen belaunaldien etorkizuna bermatzeko, gure ingurunea zaintzen hasi behar dugu; eta ingurunea hobeto ezagutzeak maitatzera eta zaintzera eroango gaitu horrela. Espiritu horrekin jarri genuen martxan iaz BBK Mendi Martxak eta pozik gaude izan zuen harrerarekin. Horrek irteera-kopurua 5etik 7ra gehitzera bultzatu gaitu, eta bizkaitarrek ibilbide horietan berriro lagun egitea espero dugu, eguneroko parajeak beste ikuspegi batetik ezagutzen jarraitzeko aukera emango digute-eta”. 2022an, BBK Mendi Martxen irteera bakoitzean adin guztietako 644 pertsonak parte hartu zuten, batez beste.
Bestalde, Víctor Manuel Vivarrek adierazi du BBK Mendi Martxak proiektuaren bidez “lanean jarraitzen dugula mendizaletasun inklusiboa bultzatzeko jarduerak urte osoan zehar sustatzeko helburua lortze aldera”. Lurgaiatik, berriz, Jon Hidalgok adierazi du “Mendizaletasunaren munduak erronka berri bat du gaur egun, eta ez da ibilbidea osatzearena bakarrik. Gure ingurumena berreskuratzen eta kontserbatzen laguntzea da orain erronka”.
Hurrengo igoerak eta hitzaldia Miguel Delibes de Castroren eskutik
Igande honetan, martxoaren 12an, Kolitzara (883 m) ibilaldia egingo da Balmasedan, 13,5 km-ko ibilbide gidatuarekin. Taldea 9:00etan irtengo da Balmasedako San Severiano plazatik.
BBK Mendi Martxak proiektuko igoera bakoitzak hitzaldi bat daroa lotuta, eta, kasu honetan, Miguel Delibes de Castrok, naturaren ezagutzaren, defentsaren eta babesaren arloko figura garrantzitsuenetako batek, emango du. Katamotz iberikoaren biziraupenaren erantzule nagusia da. “La Conservación de la Naturaleza y el Progreso” (Naturaren Kontserbazioa eta Aurrerapena) hitzaldian, Miguel Delibesek bere ikuspegia azalduko du, bizitzak aurrera egin ahal izatea bezain konplexua eta sinplea den zerbait lortzeko erronkari aurre egiteko behar diren gako eta konpromisoei buruz. Hitzaldia martxoaren 10ean, ostirala, izango da Balmasedako Klaret Antzokian, 19:30ean. Sarrera libre izango da jarlekuak bete arte.
BBK Mendi Martxak ekimenak maiatzaren 21ean jarraituko du, eta Lemoatxara (363m) izango da igoera Lemoan; irailaren 24an Apuko-Ganeroitzera (561m) Barakaldon; urriaren 22an Malmasin-Pastorekortara (591m) Basaurin; azaroaren 5ean Jatara (598 m) Mungian; eta amaitzeko, abenduaren 17an Arnotegira (426m) Bilbon.
Ibilbidean zehar, mendizaleek zaborra batuko dute, ibili ahala ingurune garbiagoa eta zainduagoa uzteko.
Oro har, pista eta bidezidorretatik 8 eta 16 km arteko ibilbideak dira, zailtasun tekniko handirik gabekoak, eta edozein pertsonari segurtasunez ibiltzeko aukera ematen diotenak.
Zuhaitz-landaketa karbono aldetik neutroa izango den proiektua lortzeko
Azaroan, zuhaitzak landatzeko deialdia egingo dizuegu, horrela karbono-aztarna neutralizatzea lortuko dugu eta.
Parte-hartzea doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da web-orriaren bidez: https://bmf-fvm.org/. Irteerak antolatzeko eskualde bakoitzeko mendi kluben laguntza izango da.