Muskizko Udalak eta BBK-k adineko pertsonentzako zentro berritu bat bultzatzen dute herrian

Muskizera iritsi da adinekoentzako zentro aktibo eta parte-hartzailearen BBK Sasoiko eredua. Herriko Udalak eta BBK-k Antonio Trueba hiribideko 3. zenbakian dagoen lokalaren eraberritze integrala jarri dute abian, dagoen eskaintza optimizatu eta handitzeko.

Erabiltzaileek eurek, partaidetza-prozesu baten bidez, Muskizko egungo adinekoen zentroa adinekoen belaunaldi berrien kezkei ere erantzungo dien gune bihurtuko dute. Erabiltzaileek eta udaleko eta BBK-ko teknikariek elkarrekin diseinatuko dituzte bai gunearen kudeaketa- eta gobernantza-eredua eta bai jardueren eskaintza. Elkarrizketa-prozesuak ekainera arte iraungo du, iraileko programazioan eskaera berriei erantzungo dien jarduera-eskaintza bat sar dadin. Muskizen parte hartu gura duten 65 urtetik gorakoek eguneko zentroko animazio-zerbitzuarekin jarri behar dute harremanetan.

Nora Sarasolak, BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak, eta Ainara Leibak, Muskizko alkateak, gaur sinatu dute prozesu hori abian jartzeko akordioa, eta bizitza-luzera berriak suposatzen duen gizarte-erronka handiari erantzuten dio. Lokala –Antonio Trueba hiribidean dagoen 300 m2-ko lekua– lagatzeaz gain, BBK-k partaidetza-prozesua antolatuko du eta jarduera berriak abiaraziko ditu, egungo eskaintza osatzeko. Udalak, bestalde, lekua birmoldatzeko lanak ordainduko ditu.  Horretarako, udalak 300.000 euro erabiliko ditu lokala osorik eraberritzeko.  Horrek irisgarritasun-araudia betetzea ekarriko du, eta igogailua jarriko da, mugitzeko zailtasunak dituztenak solairuartera sartu edo iritsi ahal izateko. Era berean, obrei esker, bilerak eta ikastaroak egiteko gela berriak sortuko dira, eta berokuntza- eta elektrizitate-instalazio berriak jarri  eta eraikinaren akaberak ere berrituko dira.

Adineko pertsona berriak, kezka berriak

2020ko datuen arabera, Bizkaian biztanleriaren % 23 da 65 urtetik gorakoa.  Hamarkada gutxiren buruan, adinekoen taldea biztanleriaren % 40 ere izan daiteke. 2050. urterako, Espainia munduko herrialderik zahartuena izan liteke, Japonia ere gaindituz. Eta euskal gizartea munduko gizarterik urtetsuen edo zaharrenetako bat da. Bizitza-luzerak, bizitzaren amaierari urteak gehitzeaz gain, bere etapa guztiak luzatzen eta eraldatzen ditu, baita ‘adineko pertsona’ kontzeptua bera ere. Gero eta talde heterogeneoago bat izendatzeko kontzeptu aldakorra, horrek erronkaren konplexutasuna areagotzen duelarik.

BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak gogorarazi duenez, 1965ean erakundea “aitzindaria izan zen erretiratuen kluba sortzen, eta bere garaian oso berritzailea izan zen. Baina garaiak aldatu egin dira eta gu ere bai haiekin, eta oraingo adinekoak jada ez dira ordukoak; munduarekin eta gainerako belaunaldiekin konektatutako beste kolektibo berri bat da, ikasten, partekatzen eta gizarteari ekarpenak egiten jarraitu gura duena.”

Hortik dator BBK-k adinekoentzako zentroen tipologia aldatu izana Sasoiko ereduaren bidez. Formula horrek trantsizioa proposatzen du aisialdi pasibotik aisialdi aktibora, eta, batez ere, parte-hartze sozialaren sustapenean oinarritzen da, bizitza osoko ikaskuntzarekin batera. Hori guztia Garapen Jasangarrirako Helburuen ildotik.

Halaber, Sarasolak herriko adineko edo nagusiei dei egin die elkarrizketa-prozesu honetan parte har dezaten: “Zentro honek senior kolektiboak benetan behar eta gura duenari erantzun diezaion, ezinbestekoa da guk beraren ahotsa entzutea; langile teknikoek joeren eta beste esperientzia batzuen ezagutza dute, baina, zalantza barik, guk ondo asmatzeko eta eskaintza erakargarria eraikitzeko 65 urtetik gorako gizon eta emakumeek hurbildu eta zelan parte hartu gura duten, zentroa nola kudeatu nahi duten eta hemen zer jarduera-mota egitea gura duten esan behar digute”.