BBK Family-k Hor zaude? kanpaina aurkeztu du
BBK Familyk hazkuntzan seme-alabei laguntzeko moduan egoteari buruzko sentsibilizazio-kanpaina bat aurkeztu du Hor zaude? lelopean, eta apirilean eta maiatzean gauzatuko da kanpaina.
Kanpaina honen jatorria da “Bizkaiko familien beharrizanei buruzko azterketa. Gurasoen gaitasunak hazkuntzan”; BBK Family-k egindako azterketa hori joan den azaroan aurkeztu zen. Bertan, 10 gurasotik 8k aitortzen zuten mugikorraren mende egoten zirela seme-alabekin zerbait egiten zuten bitartean, eta zelanbaiteko zailtasuna zutela emozioak eta gatazkak erregulatzeko orduan. Horregatik, “Hor zaude?” kanpainaren helburua da gure seme-alabekin nola egoten garen ohartzea, fisikoki egoteak ez baitu esan nahi laguntzeko moduan egotea. Etengabeko interferentziak ditugu, gure seme-alabak bizitzen ari diren emozioei arreta jartzea eragozten digutenak, baita norberaren emozioei jarri beharreko arreta ere, eta azkenean gatazkak ondo konpontzea oztopatzen digute; gainera, daramagun bizimoduagatik, presek eta antsietateak beste modu batera egotea eragozten digute.
Horregatik, gurasoak bultzatu gura ditugu noiz eta zelan egon ohartuki erabakitzera, eguneroko bizitzaren testuinguruak edo presek arrastaka eraman gaitzaten utzi barik.
Halaber, kanpainako sentsibilizazio-bideoaz gain, gure prestasuna edo laguntzeko moduan egotea hobetzeko asmoz, apirilean eta maiatzean gurasoei erronka bat jarriko zaie astero, eguneroko bizitzan presenteago egoteko aukera emango dieten ekintza berriak txertatu ahal izateko, adibidez afektu-adierazpenak areagotzea, distrakzioak murriztea, emozioak erregulatzea… Pepa Horno eta Beatriz Alonso psikologoek, Eva Bach hezitzaileak eta Xabi Madariaga eta Begoña Beristain kazetariek eurek zelan egiten duten kontatuko digute, eta gurasoak gonbidatuko dituzte erronkak gainditzera.
Era berean, BBK Familyren webgunean, ohiko baliabideez gain, seme-alabei laguntzeko moduan egoteari eskainitako gune bat jarri da martxan.
Kanpaina amaitzeko, BBK Familyren aholkulari izaten diren Haur Kontseiluko haur eta nerabeek diseinatutako festa bat egingo da hainbat tailer eta jarduerarekin, amarekin edo aitarekin jolastu nahi izaten dute eta. Jaia Casilda Iturrizar parkean izango da parte hartu gura duten familia guztientzat eta hainbat sari zozketatuko dira.
Argibide gehiago: www.bbkfamily.eus