LAN “HELDU” ETA KONTAKIZUN “BIZI-BIZIAK” 2022ko AZKUE LITERATURA SARIETAN

2022ko Resurrección María Azkue Literatura sariak banatu dira gaur Euskaltzaindiaren egoitzan. Akademiak eta BBK-k 1991tik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira Azkue sarietan: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).

Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Hauexek izan dira aurtengo epaimahaikideak:

  • A mailan: Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni.
  • B mailan: Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.

Epaileek iritziz, maila handiko lanak aurkeztu dira 2022an, eta azpimarratu dute idatzien heldutasuna eta kontakizunen bizitasuna.

A MAILAKO sariak

Narrazioaren alorra:

  • Lehen saria: Egilea: Noa Martínez (Aniturri BHI, Agurain – Araba).

(Epaileen iritzia: “Hotza eta beroa, beldurra eta lasaitasuna, larritasuna eta barea, mespretxua eta harrotasuna… Sentimendu eta sentipen kontrajarriak tartekatuz doaz istorioak aurrera egin ahala. Dena hitzez esan gabe ere dena ulertzen da kontakizun bizi-bizi honetan”).

  • Bigarren saria: Martinen istorioak. Egilea: Lur Martin (Haurtzaro ikastola, Oiartzun- Gipuzkoa).
  • Hirugarren saria: Munduari begira. Egilea: Lorea Arruabarrena (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).

Olerkiaren alorra:

  • Lehen saria: Bera da. Egilea: Leire García de Vicuña (Lautada ikastola, Agurain – Araba).

(Epaileen iritzia: “Denborak gidatzen du gure bizitza, berak eragiten dio erritmoari, eta berak eramaten gaitu arin. Azkar doa, eskuartetik ihes egiten digu, eta guk ezin dugu ezer egin. Hori guztia, antitesia eta alborakuntza modu original eta txukunean baliatuta”).

  • Bigarren saria: Zergatik? Egilea: Manex Arabolaza (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).
  • Hirugarren saria: Hildakoak. Egilea: Iraia Arabolaza (Haurtzaro ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).

B MAILAko sariak:

Narrazioaren alorra:

  • Lehen saria: Haitzuloaren ale gorria. Egilea: Nahia Iturbe (Laskorain ikastola, Tolosa – Gipuzkoa).

(Epaileen iritzia: “Narrazio oso-oso heldua, irudien eta hiztegiaren konbinazio aproposa erakusten duena, eta narrazio ohikoaren eta poetikoaren arteko oreka bikain mantentzen duena”).

  • Bigarren saria: Erorketa askean. Egilea: Eneko García (Jose Maria Iparragirre BHI, Urretxu – Gipuzkoa).
  • Hirugarren saria: Ohiko goiz bat. Egilea: Unai Mendizabal (Beasain BHI, Beasain – Gipuzkoa).
  • Aipamen berezia: (Min) Malko. Egilea: Kattin Madariaga (Toki Ona BHI, Bera – Nafarroa).

Olerkiaren alorra:

  • Lehen saria: Denboraren txotxongilo omen gara. Egilea: Iraide Mitxelena (Pasaia Lezo lizeoa, Pasai Donibane – Gipuzkoa).

(Epaileen iritzia: “Poema heldua, irudi ederrak sortzeko gaitasuna erakusten duena (…) Hainbat poeta helduk gustura sinatuko lukete”).

  • Bigarren saria: Glurp, glurp. Egilea: Beñat Mateos (Orixe BHI, Baiona – Lapurdi).
  • Hirugarren saria: Ura eta kalima. Egilea: Aiala Garabieta (Lauro ikastola, Loiu – Bizkaia).

Harrobi emankorra

Resurrección María Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateetan, eta 1990 arte iraun zuen. Urte haietan, ez zen gaztetxoentzako saria izan, helduentzakoa baizik, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten saria. Beste horrenbeste gertatu da 1991tik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.

Azkue Sarietara aurkeztutako lanen kopurua (2009-2022)

2009 (219) / 2010 (217) / 2011 (157) / 2012 (167) / 2013 (173) / 2014(75) / 2015 (88)

2016 (175) / 2017 (151) / 2018 (135) / 2019 (568) / 2020 (353) / 2021(526) / 2022 (463)