BELAUNALDIEN ARTEKO HARREMANEI BURUZKO BESTE PRESTAKUNTZA-JARDUNALDI BAT EGINGO DU BBK SASOIKOK

Zahartze aktiboarekin eta parte-hartze sozialarekin duen konpromisoari erantzunez, BBK Sasoikok belaunaldien arteko harremanei buruzko prestakuntza- eta sentsibilizazio-jardunaldi bat jarri du abian aurten ere. Aurrez aurreko lantegi edo tailerra da, belaunaldien arteko ekintzak eta proiektuak ikasten, sakontzen, garatzen eta arlo horretan prestatzen jarraitu gura duten Bizkaiko eragileentzat.

III. edizio honen bidez, BBK-k Bizkaiko gizarteari eta belaunaldien arteko harremanetan interesa duten eragileei prestakuntza eta lan komunitariorako aukera bat eskaini nahi die, gure gizarteko eragile askotarikoen artean lanean eta sarea ehuntzen jarraitzeko jokaleku bat.

Jardunaldia aurrez aurre egingo da datorren asteazkenean, maiatzaren 10ean, 9:30etik 17:00etara, BBK Sasoiko zentroan, Bilboko Erronda kalean, z/g. Bertan izango dira Bella Kerr eta María Díaz, Belaunaldien arteko Garapeneko ofiziala eta GWT (Generations Working Together) Fundazioko behargina, hurrenez hurren, eta beren esperientzia azalduko dute prestakuntza-saioak eta dinamika praktikoak uztartuko dituen jardunaldian.

BBK Sasoiko jakitun da datozen hamarkadetan izan dezakegun gizarte-agertoki berriaz eta belaunaldien arteko harremanen arloan errealitate berri bati heltzeko beharrezkoak diren prozesu sozial berritzaileez. Horregatik, aurreko edizioan GWTren esperientzia ezagutu ostean, aurten Eskoziako fundazio horretako bi ordezkariren ahotsak jaso gura izan ditu. Izan ere, Europan arlo horretan erreferentea den erakundeetako bat da, eta belaunaldien arteko lanaren garapena eta integrazioa babestu eta biztanleriaren zahartzearen erronkei aurre egiteko gizarteak dituen arazoak aztertzeko lan egiten du.

Zahartze aktiboa sustatzea eta belaunaldi desberdinetako pertsonen artean lotura erraztea beti egon da BBK Fundazioaren helburuen artean.  Orain, 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuen esparruan ─eta BBK-k bere estrategia korporatiboaren barruan txertatuta du hori─, erakundeak bultzada zeharkako edo transbertsala eman gura dio alderdi horri. Lan-etapa amaitzen ari diren baina aktibo jarraitu gura dutenen parte-hartze soziala modu berritzailean sustatzeko BBK-k duen ekimena da Sasoiko, eta helduen bizi-kalitatea hobetzen eta belaunaldien arteko harremanak eta elkartasuna bultzatzen laguntzen duten prestakuntza-tresnak emateko beharra darama bere DNAn.

Izan ere, Zahartze Aktiboari buruzko Liburu Zurian jasotzen den legez, belaunaldien arteko harremanak dira zahartze aktiboa lortzeko gakoetako bat.

PROGRAMA

9:30 Hasiera

9:40 Jardunaldiaren aurkezpena eta helburuak

Lehen saioa

9:50 Sarrera

Prestakuntza-saioa

Ikaskuntzaren deskribapen orokorra, baliabideak eta emaitzak.

Zer da belaunaldien arteko praktika?

Talde txikitan gauzatuko den jarduera eta eztabaida praktikoa, belaunaldien arteko praktikaren inguruko terminoak eta definizioak argitzen lagunduko duena. Zer da belaunaldi bat?

11:00 Atsedenaldia.

Bigarren saioa

11:30 Taldekako lana.

Talde-jarduera hedatua, kontaktuak ezartzeko eta belaunaldien arteko proiektua planifikatzeko aukerekin: Dragons Den (Dragoiaren gordelekua)

13:30 – 14:15 Bazkaria

14:15 Nola sortu belaunaldi desberdinetako pertsonen arteko loturak modu eraginkorrean?

Zelan bildu belaunaldi desberdinetako pertsonak modu eraginkorrean?

Zeintzuk dira erronkak eta oztopoak? Estereotipoak lantzea, jarduera praktikoa.

Etapakako prozesu bat: teoria eta eztabaida apur bat. Parte-hartzea eta inplikazioa – jardunbide egokia.

15:15 Ikuskapena, ebaluazioa eta inpaktua.

Zer ulertzen dugu ebaluazio-prozesuaz eta zergatik da garrantzitsua?

Sarrera (“input”), irteerak (“output”), emaitzak eta jarduera-inpaktua.

16:00 – Belaunaldien arteko praktika neurtzea eta belaunaldien arteko txostenak aurkeztea.

Zelakoa izan beharko luke ebaluazio-txosten batek edo eraginari buruzko adierazpen batek?

16:50 – Azken laburpena eta amaiera