Guggenheim Bilbao Museoari emandako babes estrategikoa datozen bost urteetarako berritzen du BBK-k artea gizarteari hurbiltzea bultzatzeko

BBK-ko presidente Xabier Sagredok eta Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusi Juan Ignacio Vidartek lankidetza-hitzarmen bat berritu dute gaur goizean. Horren bidez, BBK erakundeak, 1997az geroztik Museoaren Babesle Estrategikoak, Guggenheim Bilbao Museoaren programazioko hainbat erakusketa eta programa sozial espezifiko babestuko ditu 2023-2027 aldian.

Hala, hitzarmenaren helburuetako bat Museoaren erakusketak babestea da eta, horrela, arte garaikidearen ezagutza eta ulermena era guztietako publikoen artean zabaltzen laguntzea. Gainera, hitzarmenak pertsonen kohesio soziala eta ongizatea lortzen laguntzen du, kolektibo kalteberei eta behar bereziak dituzten pertsonei zuzendutako proiektu inklusiboen bidez.

Oraingo proiektuak

Urtero, Guggenheim Bilbao Museoaren programazio artistikoaren erakusketetako bat babestuko du BBK-k. Aurretik, besteak beste Sekzioak / Intersekzioak. Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumak 25 urte babestu zuen, Museoak 25. urteurrena ospatzeko asmo handiko erakusketa. Aurten, Guggenheim Bilbao Museoaren Bildumako artelanak aurkezpena babestuko du; Bigarren Mundu Gerraren ondoren artearen historian une garrantzitsuenak nabarmentzen dituzten obren hautaketa bat.

BBK-k aktiboki laguntzen du Museoaren programa sozialetan, bere jarduerak hainbat kolektibotara hurbilduz. Hainbat ekimenen artean, erakundeak behar bereziak dituzten taldeei zuzendutako bisitak babesten ditu, ibilbide egokitu eta inklusibo batean Museoa ezagutzeko aukera izan dezaten. BBK-k bazterketa-arriskuan dauden taldeentzako bisitetan ere laguntzen du, kolektibo kalteberak barnean hartuta. Gainera, BBKren babesak aukera ematen du Sendatu eta Sortu programa aurrera eramateko. Bere bitartez, Museoko artista/hezitzaile bat Gurutzetako eta Basurtuko ospitaleetara joaten da aldizka eta, ikasteko pizgarri gisa, arteari buruzko elkarrizketan oinarritutako hainbat jarduera egiten ditu ospitaleratutako haurrekin.