BBK Familyk familientzako festa antolatu du Kasillako pabilioian #Horzaude? kanpainaren barruan

BBK Familyk,  #Horzaude? kanpainaren barruan, datorren igandean, maiatzak 14, Familien Nazioarteko Egunaren bezperan, goizeko 11:00etan, Kasillako pabilioian, festa bat egingo du, eta dibertitu eta elkarrekin tarte on bat pasa gura duten familia guztiek parte hartu ahal izango dute bertan.

Ospakizun hori Haur Kontseiluko ume eta nerabeek, BBK Family-ren aholkulariek, diseinatu dute, eta hainbat tailer eta jarduera izango ditu, hala nola diskofesta, zaku-lasterketak, fotomatoia edo gaztelu puzgarriak, “gurasoekin jolastu” gura dute eta.

Mugikorrik eta WIFIrik gabeko gune honetara etortzen diren guztientzat opariak egongo dira, eta BBK Klimara sartzeko 4 sarrerako 3 sorta zozkatuko dira eta 4 lagunentzako gau bat  Zuhaitz-etxeetan. Zozketan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da BBK Familyren newsletterrean izena ematea maiatzaren 13ko (larunbata) 12:00ak baino lehen.

Festa hau #Horzaude? kanpainaren amaiera izango da. Kanpainaren jatorria BBK Familyren ikerketa da; bertan, ondorioetako bat izan zen 10 gurasotik 8k aitortzen zutela seme-alabekin zeuden bitartean mugikorrari begira egoten zirela. Horregatik, aste hauetan zehar, seme-alabei laguntzeko moduan dauden gurasoen kopurua hobetu nahi izan dugu kanpainaren bidez. Besteak beste, spot batek, hainbat artikuluk eta Pepa Horno psikologoak, Eva Bach pedagogoak eta Africa Baeta kazetariak plazaratutako erronka ezberdinek lagundu digute gogoeta egiten eta gako batzuk martxan jartzen. Hori dela eta, festan zehar probeta erraldoi bat egongo da, haurrek neurtu ahal izan dezaten ea kanpainako aste hauetan hobetu den seme-alabei laguntzeko moduan egoten diren gurasoen kopurua. Emaitza festa bukatzean jakingo dugu.

Kanpaina amaitzeko, maiatzaren 25ean gurasoentzako tailer bat egingo da, seme-alabei laguntzeko moduan egoten diren gurasoek prestasuna hobetzeko helburuarekin, fisikoki egoteak ez baitu esan nahi laguntzeko moduan egotea. Etengabeko interferentziak ditugu, eta horiek ez digute gure seme-alabak bizitzen ari diren emozioei, ezta geure emozioei ere, arreta jartzen uzten, eta gatazkak ondo konpontzea eragozten digute. Era berean, daramagun bizimoduaren presa eta antsietateek beste era batera presente egotea oztopatzen digute.

Horregatik, gurasoak bultzatu gura ditugu laguntzeko moduan noiz eta zelan egon erabakitzera, eguneroko bizimoduaren testuinguruak edo presek mugatu gaitzaten utzi barik. Tailerra aurrez aurrekoa eta doakoa da. Informazio gehiago eta erreserba egiteko hemen.

Argibide gehiago: www.bbkfamily.eus