BBK-REN “BAKARDADE IKUSEZINA” ERAKUSKETA MUSKIZ-ERA IRITSI DA GURA BAKO BAKARDADEARI IKUSGARRITASUNA EMATEKO
Mercedes, ‘Bakardade Ikusezina’ erakusketako eskultura hiperrealista Muskizera iritsi da BBKren eta herriko Udalaren eskutik. Erakusketa Liburutegi Nagusian egongo da maiatzaren 15etik ekainaren 5era, eta gure gizarte modernoaren pandemia isiletako batean jarriko du arreta: gura bako edo nahi gabeko bakardadean.
Ekimen hau “BBK Herriz Herri” proiektuan kokatzen da, eta Bizkaiko udalekin eskuz esku lan egin gura du aukera-berdintasunaren, gizarteratzearen eta lurraldearen garapenaren alde egiten duten ekintzetan, betiere lehiakortasun iraunkor edo jasangarriaren eta GJHen ikuspegitik.
“Mercedes” 89 urteko emakume baten eskultura hiperrealista da; bakarrik dago, serio eta burumakur, banku batean eserita. Ruben Orozco mexikarraren eskultura hiperrealista da, ‘Bakardadean hildako azken pertsona’, eta gizarte-gaitz isil bati buruzko arreta-deia ere bada, pairatzen duenarentzat oso mingarria baita eta, gizarte gisa, ezin dugu horrelakorik onartu. Arazo horren ondorioak maila fisikoan, emozionalean eta sozialean gertatzen dira, eta gure esku dago horiek saihesten laguntzea.
‘Herriz Herri’rekin, bizkaitarren kohesioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa erakusten du BBK-k, Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak azaldu duen legez: “Gure Gizarte Ekintzak lurraldeko udalerri guztietan inpaktu edo eragin positiboa izan dezan konprometituta gaude, Bizkaia guztiontzakoa, inklusiboa, oparoa, kohesionatua eta jasangarria eraikitzeko. Herriz Herri-rekin, Udalen eskutik, adinekoei bakardadean laguntzeko, eten digitala murrizteko, klima-aldaketaz kontzientziatzeko eta gizarte osoaren erronkei aurre egiteko proiektuak garatuko ditugu”.
Bestalde, Muskizeko alkate Ainara Leiba Zabalbeitiak adierazi du “oso garrantzitsua dela mezu horiek herritarrengana hurbiltzea, gura bako bakardadeari aurre egitea zein gogorra den kontzientzia hartzeko. Erakusketa honekin, Muskizko Udalak eta BBK-k gizartea sentsibilizatu gura dugu, guztion artean, adineko askok pairatzen duten min honi amaiera emateko”.