Zerk gogaitzen ditu nerabeak? Zertaz hitz egin gura lukete ama edo aitarekin?

Datorren otsailaren 7an, 18:00etan, “Bideak gurutzatzen” jardunaldia izango da Azkuna ZentroanFamily Lab Nerabezaroa delakoaren barruan kokatua; gurasoak eta nerabeak joango dira bertara. Topaketa honen helburua nerabeen ahotsa entzun ahal izatea da, familien barruan komunikazioa hobetzeko.

Nerabezaroko etapan sortzen dira gatazka gehien, eta komunikaziorik eza etengabea izaten da. Alde batetik, gurasoek jakin egin gura dute, baina ez dute galdetzeko modurik aurkitzen. Bestetik, nerabeek nahiago dute beren parekoekin berba egin, baina, era berean, eurei entzutea ere nahi dute, nahiz eta batzuetan “gogaitu” egiten ditugula esan.

Beraz, komunikazioa hobetzeko zer egin dezakegun jakiteko, jardunaldi honen zutabeetako bat nerabeen ahotsa entzutea izango da. Hori dela eta, bertaratzen diren gazteez gain, urtarrilean Tartangako Soinuaren eta Ikus-entzunezkoen Heziketa Zikloko ikasle gazteek Bizkaiko hainbat ikastetxetan grabatu dituzten bideoak ere ikusiko dira. Horietan, beren gurasoei dagokienez zerk gogaitzen dituen eta haiekin zertaz hitz edo berba egin gura luketen azalduko dute.

Zer gaik “gogaitzen” ditu?

Hezkuntza afektibo-sexuala, ikasketak, edari energetikoen kontsumoa, alkohola eta drogak, genero-identitatea, teknologiaren erabilera eta osasun mentala dira bideoetan jorratzen diren gaietako batzuk.

Grabazio horiek Eskurtze Institutuan, Artxandape ikastolan, Eraikuntza Bizkaia zentroan eta Bilboko Angeles Custodios ikastetxean egin dira. Baita Gernikako San Felix ikastolan eta Ortuellako San Fidel ikastolan ere.

Family Lab Nerabezaroa

Jardunaldi hau Family Lab Nerabezaroa programaren barruan kokatzen da. Azaroan hasi zen, Roberto Aguado psikologoaren eskutik, Adolescencia: el arte de dar confianza basada en los hechos (Nerabezaroa: gertakarietan oinarrituta konfiantza emateko artea) izeneko hitzaldiarekin; 300 guraso izan ziren bertan. Ondoren, “Bidaia zirraragarri bat” tailerra egin zen. Bertan, 20 bat gurasok beren gaitasunak hobetzeko tresnak lortu zituzten, nerabeei hobeto laguntzeko helburuarekin.

Azkuna Zentroan otsailaren 7an egingo den hitzaldia doakoa izango da, baina beharrezkoa da lekua erreserbatzea.