Uztailak 15, 2026

Bilbao BBK Live ekitaldiaren 20. urteurrena ospatu dugu, Bizkaiarekin konektatutako kultura irisgarri eta inklusiboaren eredua sendotuz

Kobetamendin musika ozen entzun da berriro ere, baina Bilbao BBK Live ekitaldiaren 20. urteurrena honen benetako arrakasta eszenatokietatik haratago joateko gaitasunean egon da. Mugarri izan den edizio honetan, jaialdia Interes Publiko Bereziko Gertaera (AEIP) izendatu dute, eta Last Tour erakundearen B Corp estandarrekin bat datorren eredua oinarri hartuta, BBKn gure aliantza estrategikoa indartu dugu, pertsonak, inklusioa eta gizarte-jasangarritasuna ospakizunaren erdigunean kokatzeko.

Mundu guztiarentzat zabalik dagoen gunea: Bisita Solidarioen balioa

Gizarte-konpromiso honen zutabeetako bat “Kultura Partekatuaren Esperientziak” ekimenaren bidez bizi izan dugu. Gertu Kulturarekin batera bultzatzen dugun ekimen honi esker, zaurgarritasun-egoeran dauden kolektiboek edo dibertsitate funtzionala duten pertsonek jaialdiaz barrutik gozatu ahal izan dute, agertokiaren atzeko guneetan barrena egindako bisita gidatu, egokitu eta lagunduen bidez.

Bisita Solidarioen bidez, jaialdiko ateak zabaldu genituen, egoera ahulean dauden edo dibertsitate funtzionala duten pertsonek esperientzia modu irisgarrian eta lagunduta bizi zezaten. Osakidetzako Buru Osasuneko Sarea, Bizitegi, Gurutze Gorria, Cáritas Bizkaia, Gaude, Lagun Artean, EDE Fundazioa eta Amiarte bezalako erakundeetako kolektiboek gunea bisitatu zuten, eta geldialdiak egin zituzten agertokietan, backstagean eta BALORE gunean (Kobetamendin berdintasuna, inklusioa eta ingurumen-jasangarritasuna bultzatzeko topagunea).

Lurraldeko gizarte-sarearekiko konpromisoa tokiko funtsezko aliantzetan ere islatu da; esaterako, Eragintza Fundazioarekin garbiketarako egindako lankidetzan, buru-osasuneko arazoak dituzten pertsonen laneratzea eta gizarteratzea babesteko, Bizkaiko Elikagaien Bankuari egindako ekarpenetan eta Euskadiko Down Sindromearen Fundazioarekin egindako elkarlanean.

Bizikidetza, errespetua eta gune seguruak

Jaialdia askatasunerako eta elkarrekiko errespeturako gune izan dadin bermatzeko, aurtengo edizioa sexu-indarkeriaren eta gorroto-delituen aurkako Jaialdien Itunera batu da. Era berean, Ortzadar LGBTI Elkarteak sustatutako LGBTI+ Points Sarean ere integratu da, eta ANITZAK erakundearekin duen lankidetzari eutsi dio, herritar guztientzako segurtasuna eta arreta indartuz.

Musika hiri osora zabaldu dugu EUSKARAZ! proposamen berriarekin eta Bereziak zikloaren arrakastarekin

Bi hamarkada hauetako historiaren ospakizuna indar handiz zabaldu da hiri osoan zehar. Aurten, nobedade nagusia EUSKARAZ! izan da; sarrera libreko proposamen berri honek Bilboko erdigunea gure hizkuntzaren, tokiko sormenaren eta euskal eszenako ahots berrien inguruko festa bihurtu zuen. Korrontzi, Bengo, XSakara, Eider Saez, Afrika Bibang eta Artean bezalako artistek ritmoz bete zituzten Isozaki Dorreak, Areatzako Kioskoa eta Albiako Lorategiak bezalako gune enblematikoak, euskarak transmisio artistiko eta ospakizun komunitario gisa duen balioa agerian utziz.

Ekimen honi Bereziak zikloa gehitu zitzaion, 2011tik hiriko taupada eta Kobetamendiko gailurra lotzen dituena. Programazio zabal batekin, Jose Gonzalezek Bilboko Guggenheim Museoan emandako hasierako kontzertua eta Belén Aguilera, Ana Curra edo Merina Gris bezalako taldeen emanaldiak plaza, areto eta itsasadarraren gaineko agertoki dinamikoetan, jaialdiak bere espiritua partekatu du berriro herritar guztiekin.

Hogeigarren edizioari amaiera emanda, BBKn berresten dugu kultura dela gure ingurunea eraldatzeko, gizarte-eragina sortzeko eta lurralde kohesionatuago eta jasangarriago bat eraikitzen jarraitzeko tresnarik indartsuenetako bat.