Urriak 23, 2026
BBK Basoaren hamar urteak ospatzen ditugu: 60 hektarea baso autoktono lehengoratu eta 36.000 zuhaitz baino gehiago landatu ditugu

Aurten 10 urte bete dira Lurgaia Fundazioa erakundearekin batera BBK Basoan lehenengo zuhaitza landatu genuenetik. Asmo argi batekin jaio zen proiektua: herritarrak Bizkaiko natur ondarea berreskuratzeko lanean murgiltzea eta balio ekologiko handiko baso autoktonoak lehengoratzen aurrera egitea. Hamar urte hauetan, 36.446 zuhaitz eta zuhaixkak paisaian dagokien lekua hartu dute berriro, gaur egun hedatzen eta bizia sortzen ari diren 60 hektarea baso autoktonori bide emanez.
Ibilbide honi esker, BBK Basoak basogintza parte-hartzailearen erreferente nagusi gisa finkatu dugu gure lurraldean. 2017tik 2026ra bitartean egindako landaketek 11.000 tona CO₂ baino gehiago xurgatuko dituzte datozen lau hamarkadetan, lehengoratutako basoek etorkizunera begira duten finkatze- eta xurgatze-ahalmena agerian utziz.
Hamar urteko eragina zenbakitan
Landaketa bakoitzaren atzean konpromiso irmoa duten pertsonak daude: auzolan bakoitza erantzukizun partekatu bihurtu duten 5.655 pertsona boluntario. Haien lanari esker, proiektua Bizkaiko 40 kokaleku baino gehiagotara heldu da; besteak beste, Undabaso, Gaztelugatxe, Matxitxako, Arratzu, Bermeo, Madariaga Dorrea, Morga, Zalla, Leioa, Mallabia, Gerekiz, Bakio, Arrankudiaga, Igorre, Arburu, Berrekondo, Ziortza-Bolibar, Amunategi eta Belatxiketa guneetara.
Proiektuak argi erakutsi du basoak lehengoratzea zuhaitzak landatzea baino askoz gehiago dela: helburu bat partekatzea da, bertoko espezieak eta ekosistemen oreka ezagutzea, eta epe luzerako zaintzaren balioaz ohartzea. Bizkaiko bazter guztietako familiek, elkarteek eta bizilagunek osatutako sare honek erakusten du herritarren parte-hartzea ezinbesteko eragilea dela ingurumenaren aldaketan.
Erronka berria: 1.500 zuhaitz hiru egunetan Muxika udalerrian
Hamargarren urteurrenarekin eta ASTEKLIMA 2026 egitasmoarekin bat eginez, BBK Basoaren edizio berri baterako deia luzatu dugu urriaren 23tik 25era bitartean. Helburua zehatza da: beste 1.500 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatzea Muxika udalerriko Astelarra auzoan.
Lur gaineko lanaz gain, jardunaldietan zehar bioaniztasunari, baso-kudeaketari eta klima-aldaketari buruzko dibulgazio-ekintzak eskainiko ditugu. Herritar guztiak gonbidatzen ditugu deialdira hurbiltzera eta ingurumenaren lehengoratzea indartzen jarraitzera.