Azaroak 4, 2026

ABAO Txiki, opera ezagutzeko eta familian gozatzeko plana

Zer iruditzen zaizue antzokitik atera gabe animalia erraldoiz, ipuinetako pertsonaiez eta abentura harrigarriz betetako mundu batera bidaiatzea? ABAO Txikiren denboraldi berriak opera eta arte eszenikoak familian gozatzera gonbidatzen gaitu, irudimena pizteko eta kultur esperientzia desberdin bat partekatzeko pentsatutako lau ikuskizunen bidez.

BBKn, proiektuaren edizio berri honekin bat egin dugu, babesle nagusi gisa. ABAO Bilbao Operaren ekimena da, eta hogei urte baino gehiago daramatza Bizkaiko haur eta gazteei musika eta arte eszenikoak hurbiltzen. Egitarauak lau ikuskizun eta 15 emanaldi biltzen ditu, opera, antzerki musikala, kontzertu eszenifikatuak eta txotxongiloak uztartuz.

Irudimena hegan uzteko lau ikuskizun

Denboraldia azaroaren 7an, 8an eta 9an hasiko da, Soñando el carnaval de los animales ikuskizunarekin, Etcétera konpainiaren eta Gran Teatre del Liceuren eskutik. Claude Debussyren eta Camille Saint-Saënsen musikarekin osatutako kontzertu dramatizatu baten bidez, txotxongilo erraldoiz betetako mundu fantastiko batean murgilduko gara. Lehoiak, dortokak, beltxargak, dinosauroek eta baita elefante batek ere ametsetan murgiltzera gonbidatuko gaituzte, musikak eta umoreak agertokia betetzen duten bitartean. 4 urtetik gorakoentzat gomendatutako ikuskizuna da.

Urtarrilaren 3an eta 4an, Ali Baba eta haren alaba Zulemarekin batera biziko dugu Alí Babá y los cuarenta ladrones abentura. Mila gau eta bat gehiago ipuin ezagunaren egokitzapen honek musika, antzerkia eta dantza uztartzen ditu, Iñigo Casalíren musikarekin eta Ópera de Cámara de Navarraren ekoizpen berriarekin.

Martxoaren 13an, 14an eta 15ean, La princesa árabe iritsiko da, Juan Crisóstomo de Arriaga Bilboko konpositorearen musika duen opera. XIX. mendeko Bilbo ipuinez, jauregiz eta abenturaz betetako unibertso batekin lotzen dituen istorio baten bidez, Jamil eta Amirah ezagutuko ditugu. Kolorez eta misterioz beteriko proposamen honek besteekiko eta haien jatorriarekiko errespetuari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu. 5 urtetik gorakoentzat gomendatuta dago.

Denboraldia maiatzaren 8an, 9an eta 10ean amaituko da, Etcétera konpainiaren El sastrecillo valiente ikuskizunarekin, Grimm anaien ipuinean oinarritutako ipuin musikala. Jostun txiki baten abenturak ezagutuko ditugu. Bere asmamenari esker, erronka desberdinei aurre egin beharko die, erraldoien eta beste izaki batzuen aurka eginez. Adimenak, berdintasunak eta irtenbideak bilatzeko gaitasunak indarrak baino askoz boteretsuagoak izan daitezkeela gogorarazten digun istorioa.

Kultura, partekatzeko abentura

Babesle nagusi gisa bat eginda, ABAO Bilbao Operarekin egiten ari ginen lankidetza indartu dugu, kultura pertsona gehiagori hurbiltzeko eta kultura-eskaintzaz gozatzeko oztopoak kentzeko.

Opera guztiontzat eta BBK-ABAO Topaketak bezalako ekimenek kultura inklusiboago eta irisgarriago baten aldeko konpromiso hori islatzen dute. Musika, opera eta arte eszenikoak gizarte osoaren eskura egotea nahi dugu, eta belaunaldi berriek txikitatik ezagutzeko aukera izatea.