Azaroak 5, 2026

Aintzane Arribasen ‘Herritik Hirira’ lanak irabazi du Santo Tomaseko gure lehen kartel lehiaketa

‘Herritik Hirira’, de Aintzane Arribas, será la imagen de Santo Tomás 2026

BBKn Santo Tomas azoka iragartzeko antolatu dugun lehen kartel lehiaketak badu irabazlea: Aintzane Arribasen ‘Herritik Hirira’ lana. Ilustratzaile eta animatzaile bilbotarraren proposamena izango da abenduaren 21ean ospatuko den azokaren irudia.

27 urteko sortzaileak herriko produktua hirira ekartzeko keinua modu sinplean irudikatu nahi izan du bere kartelaren bidez. Familiak animatuta aurkeztu zen lehiaketara, marraztea betidanik gustatu izan zaiolako.

Arribasek Arte Ederrak, Arte Digitala eta Animazioa gradua amaitu zuen 2021ean, Zorrozaurreko DigiPen Bilbao ikastegian. Ordutik, 3D animatzaile gisa lan egin du hainbat proiektutan, marrazketa zaletasun pertsonal gisa lantzen jarraitzen duen bitartean. Kartel lehiaketa batean parte hartzen duen bigarren aldia izan da, eta oso hunkituta agertu da lortutako aitortzarekin.

Santo Tomas, bertako produktuaren eta lehen sektorearen erakusleiho

Lehen lehiaketa honen bidez, Santo Tomas azokaren irudiaren sorrera herritarren parte-hartzeari ireki nahi izan diogu.

Bizkaitarrentzat ospakizun handia izateaz gain, azoka aukera paregabea da lehen sektorearen balioa, bertako produktuen garrantzia eta Bizkaiko landa-ingurunea bizirik mantentzen duten pertsonen lana aitortzeko.

BBKn ia bost hamarkada daramatzagu gure lurraldearentzat funtsezkoa den lehen sektorea babesten, eta ekimen berri honekin konpromiso hori indartzen jarraitzen dugu.

Sei kartel finalisten artean aukeratutako irudia

Bilborekin lotutako hainbat erakunde eta esparrutako 11 ordezkarik osatutako epaimahaiak aukeratu du lan irabazlea, sei proposamen finalisten artean.

Hautaketan parte hartu dute Bilboko Udaleko, lehen sektoreko, Metro Bilbaoko, Sala BBK-ko, BBK Klimako, hedabideetako, BBK Patronatuko, Athletic Clubeko eta Bilbao Basketeko ordezkariek.

Sei kartel finalistak Sala BBK-ko atarian jarri ditugu ikusgai azaroaren 13ra arte, herritarrek lehiaketara aurkeztutako sormen-proposamenak ezagutzeko aukera izan dezaten.