Azaroak 10, 2026
Ekin programaren 6. edizioan izena emateko epea ireki dugu, gizarte-eragina duen ekintzailetza bultzatzeko

Gizartea eraldatzeko gai diren ideiek proposamen on bat baino gehiago behar dute. Laguntza, ezagutza eta aukerak behar dituzte, proiektu bideragarri eta jasangarri bihurtzeko. Horregatik, Ekin programaren edizio berri bat jarriko dugu abian. Ekintzailetza eta gizarte-berrikuntza sustatzeko programa da, Bizkaia eraldatu eta gure ingurunean eragin positiboa sortu nahi duten proiektuak eta startupak bultzatzeko diseinatua.
Ideia eraldatzaile bat baduzu, hasierako fasean dagoen proiektu bat garatzen ari bazara edo hazteko eta negozio-eredua handitzeko gogoa duen startup bat baduzu, hurrengo urratsak emateko behar dituzun tresnak, prestakuntza eta laguntza profesionala eskaintzen dizkizugu. Gainera, esperientzia duten profesionalen bila gabiltza, beren ezagutzak partekatu eta gizarte-ekintzailetzaren belaunaldi berriei lagundu nahi dietenak.
Zer eskaintzen dizugu programan?
Bridge for Billions erakundearekin dugun lankidetzari esker, 4 hilabeteko inkubazio-programa eskaintzen dizugu, ekintzaileei honako hauen bidez laguntzeko:
- Mentoretza pertsonalizatua: astero, ekintzailetzan eta gizarte-eraginean esperientzia duten profesionalen laguntza.
- Prestakuntza espezializatua: proiektu bakoitzaren benetako beharretara egokitutako eduki praktikoak, estrategiari, finantzei eta jasangarritasunari buruz.
- Negozio-eredua baliozkotzea: proposamen bideragarri eta jasangarriak garatzeko tresnak eta laguntza estrategikoa.
- Komunitatea eta networking-a: ekintzaileen eta ekintzailetza-ekosistemako profesionalen sare batean sartzeko aukera, esperientziak partekatzeko eta harreman berriak sortzeko.
Gainera, programa Demo Day batekin amaituko da. Bertan, finalista diren proiektuek beren ekimenak aurkeztuko dizkiote Ekin programako Hautaketa Batzordeari. Nabarmendutako hiru proiektuek 10.000 euro, 5.000 euro eta 2.500 euroko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren.
Eraldatzeko gogoa duten proiektu eta profesionalen bila gabiltza
Deialdia bi profil motari zuzenduta dago. Biek helburu bera dute: gizartean eragin positiboa sortzeko gai diren ekimenak bultzatzea.
Ekintzaileak
Edozein sektoretako enpresa-proiektu berritzaile, bideragarri eta garatzeko ahalmena dutenen bila gabiltza. Parte hartzeko, hazkunde aurreko fasean egon behar dute, Bizkaian kokatuta egon eta BBKren misioarekin bat datorren gizarte-osagaia izan. Gainera, proiektuak bultzatzen dituzten taldeetako kide guztiek adinez nagusiak izan behar dute.
Mentoreak
Ikasketak amaitu ondoren gutxienez bost urteko esperientzia profesionala duten eta Bizkaiko gizarte-ekintzailetzako ekimenei laguntzeko interesa duten profesionalak batu nahi ditugu. Haien konpromisoa astean ordu eta erdi inguru eskaintzea izango da, lau hilabeteko inkubazio-aldian, ezagutzak partekatuz eta taldeei beren proiektuak garatzen lagunduz.
Nola parte hartu?
Euren proiektuak bultzatu nahi dituzten ekintzaileek zein mentoretza-sareko kide izan nahi duten profesionalek deialdiaren oinarriak kontsulta ditzakete gure webgunean, eta hautagaitza aurkeztu ondorengo formularioaren bidez.
Izena emateko epea zabalik dago, eta abenduaren 15era arte egongo da.
Info Day, Ekin ezagutzeko aukera
Hautagaitza aurkeztu aurretik programari buruz gehiago jakin nahi duzu? Datorren abenduaren 1ean,13:00etan, Info Day saioa egingo dugu, edizio berri honetan parte hartzeko interesa duten guztiei zuzendutako informazio-saioa.
Programak nola funtzionatzen duen ezagutzeko, zer eskaintzen duen jakiteko eta izena emateko prozesuari buruzko zalantzak argitzeko aukera izango da. Eman izena Info Day saioan formulario honen bidez.
BBKn ekintzailetzaren alde egiten jarraitzen dugu, baita gure inguruko gizarte- eta ingurumen-erronkei erantzuteko gai diren ekimenen alde ere. Helburu argia duen ideia bat baduzu edo beste pertsona batzuei ideia hori gauzatzen lagundu nahi badiezu, Ekin aldaketaren parte izateko aukera da.