Azaroak 19, 2026
Futbolaren, nortasunaren eta aniztasunaren istorio bat iritsiko da Sala BBKra All Iron ikuskizunarekin

Badira espazio huts bat baino askoz gehiago diren lekuak. San Mames horietako bat da. Historia, emozioa, nortasuna eta taldean sentitzeko modu bat da. Eta hori guztia antzoki batera eramango bagenu?
Abenduan, errealitate bihurtuko dugu. Abenduaren 11tik urtarrilaren 3ra, Sala BBK estadio bihurtuko dugu All Iron gure ekoizpen propio berria hartzeko. Ikuskizun eszeniko honek Athletic Club taldearen historia beste ikuspegi batetik ezagutzera eta kirolak bizi garen gizarteari buruz konta diezagukeen guztia deskubritzera gonbidatzen gaitu.
María Goiricelayaren dramaturgiarekin eta Ane Pikazarekin batera egindako zuzendaritzapean, All Iron ikuskizunak antzerkia, musika, mugimendua eta ikus-entzunezkoak uztartzen ditu, eta harmailen energia, partida baten tentsioa eta taldean ospatzearen emozioa sentiaraziko dizkigu.
Futbola baino askoz gehiago
Athletic Club taldearen historia zelaitik askoz haratago doan kontakizun baten abiapuntua da.
Izan ere, futbolak nor garen, gure sustraiez, elkarrekin nola bizi garen eta helburu bat partekatzen dugunean eraikitzeko gai garen guztiaz ere hitz egiten digu. Hori da, hain zuzen ere, All Iron ikuskizunarekin aztertu nahi duguna; banakako istorioak nola bihur daitezkeen guztion istorio.
Izenburuak berak lotura berezia du Bizkaiarekin. All Iron-ek lurraldeko meategietan burdin-zain oso bat aurkitzen zutenean ingeniari ingelesek erabiltzen zuten esamoldea berreskuratzen du. Denborarekin, ospakizun hura “Alirón” ezagun bihurtu zen, zuri-gorri zaleen ereserki ezagunenetako bat.
San Mames, Sala BBKren barruan
Istorio hau barrutik bizitzeko, eraldaketa berezi bat prestatu dugu. Harmailak, belar artifizialak, proiekzioek eta soinu inguratzaileek Sala BBK San Mamesen erreplika bihurtuko dute. Bertaratzen direnak ikusle hutsak izan beharrean, esperientzia honen parte sentitzea nahi dugu.
Pertsona gehiagorekin partekatzeko esperientzia
BBKn uste dugu kultura elkartzeko, elkar ezagutzeko eta gizarte irekiago bat eraikitzeko modu bat ere badela. Horregatik, All Iron publiko guztiengana iristea eta pertsona gehiagok esperientzia honetaz gozatzeko aukera izatea nahi dugu.
Kultur bitartekaritzaren eta gizarte-erakundeen bidez, edukieraren % 5 Harmaila Inklusiborako gordeko dugu. Ekimen horren bidez, arte eszenikoak haietara iristeko oztopo handiagoak izan ohi dituzten pertsonengana hurbildu nahi ditugu.
Izan ere, zelai barruan zein kanpoan, pertsona guztiok dugu lekua taldean.
Ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako saioa
Abenduaren 17ko saioan, touch tour zerbitzua eskainiko dugu, itsuentzat edo ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat. Ateak ireki aurretik, zerbitzua eskatu dutenek eszenatokiaren espazioa ukimenaren bidez ezagutzeko eta bertako ezaugarriak deskribatzeko bisita egin ahal izango dute, interprete batek lagunduta. Interpreteak aretoaren antolamendua azalduko die.
Ibilbidean zehar, aktoreengana ere hurbildu ahal izango dira, haien ahotsak eta jantziak ezagutzeko eta eszenaratze-elementuak deskubritzeko.
Gainera, antzezpenean zehar, banakako audio-gailuak izango dituzte eskura. Gailu horien bidez, ekintza eta eszena-elementu jakin batzuen deskribapenak entzungo dituzte, antzezlanaren jarraipena errazteko.
Touch tour zerbitzua aurrez eskatu behar da, telefonoz, 944 058 82 zenbakira deituta.
All Iron bizitzera etorriko zara? Sarrerak eskuragarri salabbk.bbk.eus webgunean.
