Aire zabaleko planak familian gozatzeko eta ikasteko

Eguraldi ona eta egunak luzatzen hasten direnean, biderkatu egiten da astialdiaz familian gozatzeko gogoa. BBK-n gure konpromisoari eusten diogu kultura, natura eta ikaskuntza esperientzia partekatu bihurtuko dituzten guneak sortzeko. Horregatik, herritar guztiei irekitako hainbat ekimen sustatzen ditugu, gure ingurunean kalitatezko uneak, dibertsioa eta balioak eskaintzeaz gain komunitate-loturak sendotzeko asmoz.
Istorio magikoak Bilboko Liburu Azokan
Haur-literatura tresna boteretsua da emozioak arakatzeko, adingabeen eta helduen arteko afektibitate-loturak sendotzeko eta gizarte kontzienteago bat eraikitzen lagunduko diguten oinarrizko balioak ikasteko.
Maiatzaren 30eko eta 31ko, zein ekainaren 6ko eta 7ko asteburuetako goizeetan zehar, Bilboko Liburu Azokako karpara gonbidatzen zaituztegu gure Musikalizatutako Ipuin-kontalariaz gozatzeko. Zuzeneko musikarekin kontatutako istorioz beteriko esperientzia interaktibo honek familia osoaren irudimena piztuko du.
Gainera, etxean irakurketaren ohiturari eutsi diezazuen, jardueretan parte hartzen duzuen familia guztiak balioetan oinarritutako 15 ipuin-sortaren zozketan sartuko zarete. Zozketa datorren ekainaren 8an egingo da.
- Maiatzak 30, larunbata, eta ekainak 6, larunbata: saioak 11:30ean, 12:30ean eta 13:00etan azokako karpan (sarrera doan).
- Maiatzak 31, igandea, eta ekainak 7, igandea: saioak 12:00etan, 12:30ean eta 13:30ean azokako karpan (sarrera doan).
Jolas eta dibertsio gunea Ibilaldian
Maiatzaren 31n, igandea, ezinbesteko hitzordua dugu euskararekin eta gure kulturarekin Ibilaldian, aurten Bilboko Kirikiño Ikastolak antolatuko duen ikastolen jaian. BBK-n haurrek egun hau modu berezian bizitzea nahi dugu, eta horregatik, haientzat soilik diseinatutako jolas-gune bat sustatuko dugu.
Topagune dinamiko honek euren beharretara egokitutako jolas eta tailer ugari eskainiko ditu, ingurune seguru eta parte-hartzaile batean dibertitu zein harremanetan jar daitezen. Aukera ezin hobea izango da gure ohiturak erabat familiarra den giroan ospatzeko.
Mendian, familia-esperientzia berri baten estreinaldia Kobetamendin
Bilbao BBK Live jaialdiaren 20. urteurreneko egitarau bereziaren barruan, ekainaren 7an, igandean, Mendian estreinatuko dugu. Egunezko doako familia-proposamen hau Kobetamendi goienean garatuko da 12:00etatik 21:30era. Jardunaldiak mendia berriz ezagutzera gonbidatzen du entzute aktiboaren bidez, Kobetamendi Irteera ibilaldiarekin. Ondoren, ingurumenarekin bat datozen hiru eremu tematikori bide emango diegu:
- Zaborra, jasangarritasuna eta artea bazterkeriaren aurka. Sormena eta birziklapena elkarrekin eskutik helduta joango dira berrerabilitako objektuekin zein jostailuekin sortutako musika eskainiko duen gunean. Saio honetan, Cateurako Birziklatuen Orkestra entzutetsuak hartuko du parte. Artearen bidez gizarte-zaurgarritasunari aurre egiten dion Paraguayko talde honekin batera, Fungistanbul, Trashbeatz eta The Wackids nazioarteko proposamenak izango ditugu.
- Komedia, barrea belaunaldien arteko lotura gisa. Umorea hizkuntza unibertsalik onena bihurtuko da belaunaldi ezberdinak konektatzeko, Grison, Rakel Molina eta Valeria Ros artisten ikuskizun burutsuen eskutik.
- Orkestra, musika sinfonikoa belar gainean. Suakai Philharmonic taldeak musika klasikoa ohiko auditorioetatik aterako du mendira eramateko, bidaia sinfoniko interaktibo baten bidez. Aukera paregabea izango da familiek musika-estilo ezberdinak ezagutu ditzaten belar gainean aske ibiltzen diren bitartean.
Ehun bat haur ahots elkarrekin BBKantuz Txiki 2026an
Ekainaren 13an, larunbatean, 12:00etan, BBKantuz Txiki ekimenaren hirugarren edizioa ospatuko da Elkarbizitza Plazan, Bilboko Koral Elkartearekin batera antolatutako haurren abesbatza-topaketa handia. Isozaki Dorreetako zabalguneak hainbat taldetatik etorritako ehun abeslari gazte inguru hartuko ditu, jende guztiari irekitako jaialdi honetan.
Aurten, Bilboko Koral Elkarteko Haur Abesbatzaren, Prestakuntza Abesbatzen eta Eskolan Kantari proiektu soziohezitzailearen ahotsak batuko dira, Bilbao Musika Haur Abesbatzarekin eta Llura Abesbatzarekin batera. Maite Olmos, Jose Luis Ormazabal eta Emma Lópezen zuzendaritzapean, eta Alberto Sáez Puente pianoan dela, taldeek herri-musikako errepertorio bat interpretatuko dute. Topaketari amaiera emateko, abesbatza guztiek batera abestuko dute agertoki gainean, lankidetzaren indarra islatuz eta inklusioa, errespetua zein elkarbanatutako poza bezalako funtsezko balioak transmitituz.



