BBK ARTEAREN IBILBIDEA MUSKIZEN IZANGO DA EKAINAREN 11RA ARTE
BBK Artearen Ibilbideak aurrera jarraitzen du eta Muskizera iritsi da. Bilboko Arte Ederren Museoaren eta BBKren arteko programa bateratua da, eta Bizkaiaren irudia erakustea du helburu, artearen historiako hainbat alditan 30 artistak egindako 36 lanen bidez. BBK Artearen Ibilbidea maiatzean hasi zen Bilbon, eta Barakaldotik igaro ondoren, Muskizen jarraitzen du gaur astelehena, hilak 5, hasi eta ekainaren 11ra arte, Meatzari Plazan.
“Bizkaiari begira” programak lurraldearen “erretratu” bat egiten du adierazpen artistikoen (30 margolan, hiru kartel, bi argazki eta collage baten) bidez, kronologia luze batean zehar, XVIII. mendeko azken hamarkadetatik XXI. mendeko lehen hamarkadara arte.
Irudiek Bizkaiko ikonografia eta geografia jasotzen dute: landa-guneak, Kantauriko kostaldea eta bertako portuak (Bermeo, Elantxobe, Plentzia edo Abra), hiri- eta industria-paisaiak (Bilbo, Erandio edo meatze-herriak) hainbat udalerri eta eskualdetakoak: Durango, Balmaseda, Zeanuri, Gernika, Busturialdea, Urdaibai… Era berean, giza presentziak (‘paisanaje’az hitz egiten zuen Unamunok) paisaiarekin bat egiten du Bizkaiaren idiosinkrasia irudikatzen duten jardueretan: itsasoko jendearen, nekazarien eta langileen beharra, prozesioak eta mistizismoa, aisia erromeria eta estropadetan, bolo-jokoan eta bertsolaritzan… kultura eta historia . Friso handi bat, Luis Paret-en eszena idealizatuetatik hasi eta Agustin Ibarrolaren salaketa politikoraino doana.
Horretarako ─eta BBKren eta museoaren ekimen bateratuari esker─, Artearen Ibilbideak museoaren bildumako obren kalitate handiko erreprodukzioak eskaintzen ditu espazio publikoetan. Horretarako, datozen hilabeteetan (maiatzetik azarora) bisitatuko dituen Bizkaiko 28 herrietako udalen laguntza izango du, topagune publiko irisgarrietan eta aire zabalean hartuko baitute ekimen hau astebetez; hona hemen udalerri horiek: Bilbo, Barakaldo, Muskiz, Portugalete, Trapagaran, Abanto Zierbena (Las Carreras), Balmaseda, Getxo, Plentzia, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Nabarniz, Gernika, Mungia, Gamiz-Fika, Erandio, Sestao, Bakio, Gordexola, Ugao-Miraballes, Basauri, Etxebarri, Lezama, Amorebieta-Etxano, Iurreta, Garai eta Durango.
Erreprodukzio bakoitzarekin batera, dagokion kontserbazio-iruzkina dago. Iruzkin hori QR kode baten bidez ere lor daiteke, eta kode horrek museoaren webgunean guztirako sarbidea ematen du (euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez).
Proiektua José Luis Merino Gorospek egin du, museoko Antzinako Artearen kontserbatzaileak.
Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzas eta César Ochoa ekimen honen proposamen didaktikoaz arduratu dira, doako bitartekaritza-programa bat abian jarriz. Programa horren barruan, ikastetxe eta kultur elkarteentzako bisita komentatuak daude, eta erakusketa ikustera hurbiltzen diren bisitarien kontsultei erantzungo zaie.
Informazioa eta erreserbak:
Tel: 94 439 61 41, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 15:00etara
deac@bilbaomuseoa.eus