BBK Azokak “Zenbat da?” ekimena aurkeztuko du Gernikan urriko azken asteleheneko azoka famatuan

Plentzia azoka

Gernikan urriko azken asteleheneko azokak berrikuntza bat izango du 2023ko edizio honetan. Izan ere, BBK Azokak “Zenbat da?” ekimena aurkeztuko du, hau da, azokako bisitariak joko batean inplikarazi gura ditu azokan produktuen salmenta areagotu eta bertako produktuen eta ekoizleen kontsumoa eta ezagutza herritarrei hurbiltzeko.

Ekintza honetan datza: BBK-k azokan duen gunera hurbiltzen direnek BBK Azokan produktuak dituzten baserritarren produktu-sorta baten prezio zehatza asmatu beharko dute. Lotearen benetako preziora (behetik) hurbiltzen dena izango da han jarritako produktu-multzoaren irabazlea.

Joko honetan parte hartzeko, interesatuek produktu bat erosi beharko dute azokako nekazaritza eta abeltzaintzako edozein saltokitan. Tiket bat jasoko dute, beren datuekin bete eta BBK gunean, produktu-lotearen ondoan, instalatutako ontzi batean sartu beharko dute. Azaroaren 6an jakinaraziko da produktu-lotearen irabazlea.

BBK Azoka

BBK Azoka online saltzeko kanal bat da, eta Bizkaiko nekazariei eta abeltzainei zuzenean, bitartekorik barik, kalitaterik handieneko produktuak erostea ahalbidetzen dio kontsumitzaileari. Gainera, Bizkaiko nekazaritza-ekoizpenaren eredua, ustiategi txikietan oinarritua, ezagutaraztea bilatzen duen plataforma da: horietan baserritarrek mimo handiz jagon edo zaintzen dituzte prozesuaren urrats guztiak azken produktua lortu arte.

Gainera, slow elikadura eta Km 0 bizi-erritmoarekin uztartzea ahalbidetzen duen formula da BBK Azoka, batzuetan merkatuetara maiz joatea eragozten diguna. Aldi berean, gure produktuak erosteko ohitura berriak dituzten belaunaldi berriei edo, besterik gabe, etxetik gertu zuzeneko salmentako beste kanal batzuetan erosteko aukerarik ez duten pertsonei hurbiltzea ere.