BBK-k BBK Klima Egunero abiarazi du

BBK Urdaibaiko Zentroaren gunetik kanpo BBK KLIMAren esperientziaren elkargune izateko helburuarekin sortu da ‘BBK Klima Egunero’ proiektua, BBK Klimaren hedapen digitala, etxeetan ohitura iraunkor edo jasangarriak sustatzeko eta jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin konprometitutako pertsonen sare bat sortzeko.

Plataforma honek planetarekin duten konpromisoa indartzera eta bizitza jasangarriagorako ohiturak hobetzera bultzatzen ditu herritarrak, hainbat erronka eta bideo laburren bidez, iraunkortasun edo jasangarritasunarekin lotutako gaiei buruz eguneroko bizitzarako aholku oso praktikoekin.

Oraingoz, Africa Baeta, Julen Telleria, Andoni Aizpuru, Sara Gandara, Sua Enparantza… ezagunak protagonista dituzten 20 bideotan gauzatzen da proiektua. Gai errazak dira, adibidez, gogoko dugun abesti bat aukeratu eta dutxaren azpian igarotzen dugun denbora kalkulatzea; edo komunaren zisternan botila bat jarri eta ura aurreztu daitekeela azaltzea; baita ere hurbileko eta sasoiko produktuak kontsumitzea planetarentzat onuragarria izan daitekeela erakustea.

BBK Klimaren aplikaziotik sartuta (Androiderako zein IOSerako dago eskuragarri), publikoak hainbat probatan parte hartu eta sarien (BBK Azokako tokiko produktuen bonuen, ikuskizunetarako sarreren eta bestelakoen) zozketan parte har dezake.

BBK Klima aplikazioaz gain, bideo horiek BBK Klimaren kanal eta sare sozialetan daude ikusgai, eta EITBren bidez ere zabaldu dira, bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmenari esker.

Ikus-entzunezko eduki horien bidez, herritarrek ohitura jasangarriak eta errazak hartzea sustatzen da, eta gero eta komunitate handiagoa eta konprometituagoa sortzea.

Era berean, Klima Egunero-ren esparruan, inkesta soziologiko adierazgarri bat egin da, herritarrek klima-aldaketaren inguruan duten konpromisoa ezagutzeko. Inkesta horretan, euskal herritarrak beren ohiturak aldatzeko prest ote dauden eta hainbat ingurumen-neurri zenbateraino onartzen dituzten aztertzen da.

Proiektu honekin BBK-k planetarekin duen konpromisoa berresten du eta BBK Klimaren helburu nagusia indartzen du: herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa sustatzea eta planetaren garapen jasangarrian laguntzea Bizkaitik.

Android-erako aplikazioa | App para Android

iOS-erako aplikazioa | App para iOS