BBK-K BERE HAUR-ESKOLETARAKO MATRIKULAZIO-EPEA IREKIKO DU
2021etik 2022ra bitartean jaiotako seme-alabak dituzten familiek, 2022-23 ikasturterako haur-eskola baten bila badabiltza, gaurtik hasi eta martxoaren 7ra arte egin dezakete matrikula BBK-k Bilbon (Laurencín Markesaren kalea, 1- Santutxu) eta Getxon (Ezequiel Agirre, 21 Erromo) dituen zentroetarako. Eskaera www.bbk.eus webgunearen bidez egin behar da.
Baliabide komunitario honen bitartez, familia eta lana bateragarri egiten lagundu gura du BBK-k hezkuntza-ikuspegitik, sare publikoaren eta pribatuaren eskaintza osatuz. Bi zentroek arreta-ordutegi zabala dute: 7:30etik 17:00etara (osasun-egoerak ahalbidetzen duenean, ordutegia 7:30etik 18:00etara izango da), eta instalazio zabal eta argitsuak, mugimendu-, hezkuntza-, jolas- edo atseden-jarduerak egiteko aukera ematen dutenak.
Zentroetako talde profesionalak D ereduan eskaintzen du arreta, bizitzako lehen urteetan dauden umeen garapen intelektual, fisiko eta sozialera bideratuta. Jolasaren bidez egiten dute, ume bakoitzaren banakotasuna eta heldutasun-garapena errespetatzen dituen konfiantza- eta segurtasun-giroan. Familiak sarbide pribatu eta seguruko blog batean sar daitezke, eta bertan eskolaren eguneroko martxa ikusi ahal izango dute.
Hileko kuota 235 eurokoa da urtean 40.000 eurotik beherako errentak dituzten familientzat, eta diru-sarreren muga hori gainditzen dutenek 290 euro ordainduko dituzte hilean. Prezioan haurtxoen beharren arabera prestatutako menua sartzen da, bularra hartzen duten umetxoen kasuan izan ezik.