BBK-k erreserba funtsaren zuzkidura amaitu du erregulatzaileak ezarritako muga baino bi urte lehenago

BBK banku fundazioak eratu egin du 26/2013 Legeak, abenduaren 27koak, aurrezki kutxa eta banku fundazioei buruzkoak, eskatzen duen Erreserba Funtsaren gutxieneko bolumen objektiboa Kutxabanken duen kontrol posizioa mantendu ahal izateko (hots, finantza erakundearen akzioen % 57).

Erregulazio baldintza hori epe ofiziala amaitu baino bi urte lehenago betetzeak (epea hirugarren urte batez luzatu ahal zen arren) esan nahi du BBK-k Kutxabanken kontrola mantenduko duela, hartara bankuaren errotzea bermatuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzu enpresa nagusia den eta 6000 familiari baino gehiagori enplegua ematen dien euskal erakundea bertan mantenduta.

Hori guztia posible izan da BBK-k egindako kudeaketa egokiari esker, izan ere, erregulazio betekizun hori errespetatzeaz gain, urte hauetan zehar, mantendu ez ezik areagotu eta sendotu egin du bere Gizarte Ekintzaren aurrekontua, estatu osoko handiena dena biztanle bakoitzeko. Eratu den Erreserba Funtsaren bolumen objektiboa 231 milioi eurokoa da. Zenbateko objektibo hori urtero birkalkulatzen da. Horretarako, ratio jakin bat aplikatzen zaie Kutxabanken arriskuaren arabera haztatutako aktiboei eta ratio horrek, beste parametro batzuen artean, kontuan hartzen du bankuaren kaudimena.

Oso mugarri garrantzitsua da BBK banku fundazioarentzat. Berez, berri honen esanahia behar bezala ulertzeko 2013. urtera itzuli behar dugu, urte hartan promulgatu baitzen 26/2013 Legea, abenduaren 27koa, aurrezki kutxei eta banku fundazioei buruzkoa, haren helburu nagusia izanda finantza sistemaren zati jakin bat berregituratzea: aurrezki kutxa zaharrak.

Aurrekariak

26/2013 Legeak, abenduaren 27koak, aurrezki kutxei eta banku fundazioei buruzkoak, ezaugarri jakinak zituzten erakundeak banku fundazio bihurtzera behartu zituen. Legeak ezarri zituen eta garai hartako BBK-k betetzen zituen baldintza nagusiak hauek ziren:

Kreditu erakunde batean partaidetza izatea:

  • Erakundearen kapitalaren edo boto eskubideen gutxienez % 10ekoa dena;
  • Administrazio organoko kideren bat izendatzeko edo kargutik kentzeko eskubidea ematen diona.

Baldintza hauek betez gero, Banku Fundazioa eratu behar zen urtebeteko epe barruan, Legea promulgatu zenetik zenbatzen hasita. Legeak berak hitzaurrean dioen moduan, helburua zen, besteak beste, kudeaketa eredu berri bat sustatzea: “Arestian aipatutako aurrezki kutxen ohiko balioak (gizarte izaera eta lurralde errotzea) eta azken gertakizun historikoek agerian jarri dituzten ikasbideak elkartuko dituen araubide berria”.

26/2013 Lege horren ondorioz, 2014ko azaroan eratu zen BBK Banku Fundazioa eta eraldaketa prozesu bati ekin zitzaion.

Zehazki, finantza erakundearen kontrola mantendu nahi zuten banku fundazioek finantza plan indartu bat aurkeztu behar zuten. Plan horrek barne izan behar zituen partaidetutako bankuaren etorkizuneko kapital premia posibleei erantzuna emateko erreserba funts bat eta arriskuak dibertsifikatzeko eta kudeatzeko plan bat. Funts horren zuzkidura ez egiteko aukera gisa, legeak honako hau planteatzen zuen: “…banku fundazioaren finantza planak ez du eskatuko erreserba funtsa eratzea, betiere dibertsifikazio planari desinbertsio programa bat eransten bazaio. Azken plan horretan zehaztuta azalduko dira fundazioak kreditu erakundean duen partaidetza idatz zati honetako lehenengo lerrokadan aipatutako bost urteko gehieneko epearen mailatik behera jaisteko ezarri behar dituen neurriak”.

Egoeraren ikuspegi enpirikoa aztertuta, BBK-k erreserba funtsaren zuzkidura aukeratu zuen, Bankuarentzat, akziodunentzat eta Taldeko gainerako interesdunentzat (langileak, hornitzaileak, bezeroak, gizartea oro har, etab.) aukerarik onuragarriena zela ondorioztatu baitzen. BBKrentzat, Bankuaren akziodun nagusi zen heinean, hau zen aukerarik egokiena, arrazoi hauek zirela eta:

-Ikuspegi instituzionaletik, Bankua aktibo estrategikoa da Bizkaiarentzat, Euskal Autonomia Erkidegoko zerbitzu enpresa handiena izanik sortzen duen zuzeneko zein zeharkako inpaktuagatik. Esaterako, Kutxabankek, bere erakundeen jarduera korporatiboaren bidez, 776 milioi euroko ekarpena egiten dio Barne Produktu Gordinari, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia osoaren % 1,17. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoan 3000 zuzeneko enplegu mantendu ditu eta euskal diru kutxa publikoek 187 milioi euro jaso dituzte guztira, tasa eta zerga moduan.

-Ikuspegi ekonomikotik, bitarteko errentagarritasun egonkor eta iraunkorra sortzen duen inbertsioa da:

  • Bestela, merkatuaren egoera ikusita, BBK-k Kutxabanken zuen partaidetza saldu beharko zuen % 60tik gorako deskontuekin, liburuetako balioaren azpitik, hartara “galera bat onartuta” bere inbertsio zorroan.
  • Beraz, BBK-k biderik zailena hartu zuen, baina errotzearen eta egonkortasunaren aldetik onuragarriena zena eta eskatzen zen hori hoberen betetzen zuena, hau da: partaidetutakoaren kudeaketa osasuntsu eta zuhurra eta ondarearen pixkanakako dibertsifikazioa bankuarekiko mendekotasuna murrizteko. Hori guztia bere Gizarte Ekintza sendotzeko xedearekin, hori baita bere izateko arrazoia.

Kontrola mantentzea, erabaki zuzena

Ingurune makroekonomikoaren eta, zehazki, bankuen negozioaren aldagai nagusien (adib. kredituaren eta interes tasen bilakaera, etab.) bilakaerari buruz 2014an egin ziren aurreikuspenak ez ziren batere baikorrak.

Baldintza horietan, edozein desinbertsio eragiketak ondare galera nabarmena ekarriko zion BBKri, Gizarte Ekintza gauzatzeko gaitasun txikiagoarekin batera, eta Kutxabank, euskal zerbitzu enpresa handiena, bertan mantentzea arriskuan jarriko zuen, beste inbertso batzuen sarrerarekin deslokalizazioa gerta zitekeelako.

Hau da pasa den urtean Deusto Bussiness School erakundeak egindako azterlanak lortutako ondorio nagusietako bat. Azterlan horren arabera, burtsara ez ateratzeko erabakiari esker, 2000 milioi euroko galerak saihestu ziren. Horrez gain, azterlanak dio: “argi geratu da burtsara ez ateratzearen erabakiak modu eraginkorrean babestu duela BBK Fundazioaren balioa eta hori, azken finean eta gizarte ekintzaren bitartez, Bizkaiko herritar guztien onurarako izan da”.

Deustok egindako lanak beste aukera bat aztertu zuen ere: Kutxabankek bankuaren kapitalaren % 17 saldu izana, saltzeko eskaintza publiko bidez, modu horretan akzioen % 40 bakarrik mantenduta.  Hori egin izanez gero, Espainiako Bankuak behartutako erreserba funtsa (235 milioi euro bost urtetan) eratzea saihestuko zen.

Deusto Bussiness School erakundeak bi hipotesi hauek aztertu zituen 2015 eta 2021 arteko urte bakoitzarentzat. Halaber, momentu bakoitzean zer gertatu izango litzatekeen kalkulatzeko, lau adierazle hartu zituzten kontuan: salmenta horrek BBKri ekarriko zion minusbalioa; zorroan mantenduko zituen akzioen % 40 horrek sufrituko zuen balioaren kontabilitate narriadura; % 17 hori saltzearen ondorioz jasoko ez lituzkeen dibidenduak; eta salmenta horren ondorioz egingo zituen beste balore batzuetako inbertsioekin lortuko lituzkeen dibidenduak. Azken alderdi honi dagokionez, azterlanak ondorioztatu zuen beste enpresa batzuetan inbertitutako diru horren errendimendua izango zela BBK-k Kutxabanken akzioekin lortu duen itzulkina baino txikiagoa, kontuan hartuta Ibex-ak garai hartan eskaini zuen batez besteko dibidendua.

Deustok BBKri kalkulatu dion 1551 milioi euroko ondare galera da, hain zuzen ere, 2015 eta 2021 urte artean sufritu izango lukeen narriaduraren batezbestekoa. 2019 urte amaieran burtsara ateratzeko erabakia hartu izan balitz, BBK-k 1830 milioi euroko galerak sufrituko zituen, aldiz, 2016 urte amaieran atera izan balitz, 2000 milioi euroko galerak sufrituko zituen.