BBK-k eta Bilboko Merkataritza Ganberak itun bat sinatu dute Bizkaiko enpresen lehiakortasun jasangarria bultzatzeko

BBK Fundazioak eta Bilboko Merkataritza Ganberak, Bizkaian errotuen dauden ehun urtetik gorako bi erakundek, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute kudeaketa jasangarriaren bidez enpresen lehiakortasuna bultzatzeko. Horretarako, ESG Hub eratu dute, Bizkaian proiektu aitzindaria, eta elkarrekin lan egingo dute enpresa-sareari laguntzeko, Europan punta-puntakoak izateko hautemandako beharrei erantzuten dieten proiektuak bilatuz eta egituratuz, egungo edo etorkizuneko legeak bete dezaten eta, aldi berean, gizarte-eragin positiboa lortzen lagun dezaten. “Gure helburua da Bizkaia lidergo-posiziora iristea eta enpresak erreferente izatea eraldaketa horretan, eta, aldi berean, aldaketa sozial positiboak eragitea. Ahalik eta enpresa gehienengana joko dugu, oso lan praktikoa egingo dugu, eta, enpresa bakoitzaren diagnostikoetan eta egoeran oinarrituta, gakoak eta tresnak emango dizkiegu neurrira, enpresa bakoitzak bere beharretara eta ezaugarrietara egokitzen diren proiektu pertsonalizatuak behar baititu”, adierazi dute.
Bilboko Merkataritza Ganberak egin berri duen inkesta baten arabera, enpresen % 70 inguruk uste du jasangarritasuna hazkunde-eragile bat dela, baina, aldi berean, % 65ek adierazi du ez dituela ezagutzen ESG irizpideak, eta % 85ek adierazi du ez dakiela jarduera jasangarrien Europako taxonomiaren esanahia eta irismena zein den. Halaber, jarduera horiek egin dituztela adierazten duten enpresek kudeaketa-planean, arriskuen analisian eta ikuskapenean eta egiaztapenean jartzen dute arreta, eta kanpoan uzten dituzte aplikazio globalak dakartzan beste elementu interesgarri batzuk.
Datu horiek hobetzeko eta ESG (Environmental, Social and Governance) irizpideetan sakontzeko – hau da, ingurumen-, gizarte- eta gobernu-inpaktuetan sakontzeko -, hub hau foro plural gisa kokatzen da. Topagune ireki horretan, tamaina eta sektore guztietako enpresek eta haien interes-taldeek aukera izango dute irizpide horiek kudeaketan sartzeak dakartzan erronkei buruz informatzeko eta, aldi berean, trebatu, ezagutzak eta tresnak eskuratu eta esperientziak partekatu ahal izango dituzte.