BBK-K GIZARTE-ERAGINEKO 25 EKINTZAILETZA-PROIEKTU BULTZATUKO DITU BBK EKIN-EN HIRUGARREN EDIZIOAN
BBK Ekin programaren hirugarren edizioa abiarazi du BBK-k; oinarri berritzailea eta gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa duten ekintzailetza-proiektuak bultzatzeko duen programa da. Programa honen bidez, guztira 25 ekimen ekintzaile, hazkunde ekonomikorako aukerak sortzera eta Bizkaian gizarte-berrikuntzaren garapena sustatzera bideratuak, bultzatuko ditu BBK-k.
Hirugarren edizio honetan, BBK Ekinek urrats bat gehiago eman gura du Bizkaiko ekosistema ekintzailearen erreferentziazko programa gisa. Oraingoan, eta aurreko edizioan jasotako balorazio positiboak kontuan hartuta, programan zehar ekintzaileei lagunduko dien mentoreen komunitatea indartu nahi izan du, eta, beraz, networkinga eta prestakuntza uztartuko dituzten saioak eskainiko dizkie.
Interesa dutenek bbk.eus webgunearen bidez aurkez dezakete hautagaitza otsailaren 27ra arte.
Lurraldearen lehiakortasun jasangarriaren aldeko apustuan, ekintzailetza bultzatzea da BBKren gizarte-ekintzaren ildo estrategikoetako bat. Urtero 100 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute eta prestakuntzara eta enpresak sortzera bideratutako programez baliatzen dira.
Ekin programak 100.000 euroko zuzkidura du 2023rako.
Nora Sarasolak, BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak, adierazi duenez, ekintzailetza-ibilbidean “inkubazio-etapa arrisku handiko eta kostu handiko etapa da, negozio-eredua ez baitago baliozkotuta, eta kasu gehienetan ez da diru-sarrerarik sortzen; beraz, arreta beste fase batzuetan jartzea erabakitzen dute ekosistemako eragile askok. Autofinantzaketa handiko edo hiru ‘F’ (Family, Friends & Fools) deiturikoen bidearen etapa da”.
Hala ere, etapa horretan hasiko da enplegua sortzen, eta horregatik BBK-k edizio honetan jarraituko du “aurkeztutako proiektuei estaldura ematearen aldeko apustua egiten, beren negozio-eredua baliozkotu ahal izateko baldintza zehatzak sortuz, ondorengo etapa batean funtsak erakartzeko prestatuz”.
Lau hilabeteko prestakuntza
Edizio hau abiarazteko ekitaldia martxoaren 10ean izango da BBK Kunan, deialdian hautatutako 25 proiektuak aurkezteko. Hortik aurrera, hautagaiek beren mentore edo aholkulariak aukeratuko dituzte, eta BBK Ekinek lau hilabete iraungo du, 2023ko martxoaren 29tik uztailaren 11ra bitartean.
Prestakuntza-programa hibridoa da: lanak plataforma digital propio baten bidez egitea eta aurrez aurreko saioak konbinatzen ditu. Ekinen lan-metodologia MITen ekintzailetza diziplinatuaren ereduan oinarritzen da.
Hautatutako ekintzaileek inkubazio-programa oso bat burutuko dute. Programa horretan, beren gizarte-enpresa egituratu eta baliozkotu ahal izango dute, beren ingurunean eragingo duen negozio iraunkor edo jasangarri bat sortzeko helburuarekin. Prozesuan zehar, aholkulari edo mentore baten etengabeko laguntza izango dute. Aurten, berrikuntza gisa, eta figura horiek fase bakoitzean ekintzaileei laguntzeko hobeto prestatuta egon daitezen, Ekinek networkinga eta prestakuntza uztartzen dituen saio batzuk programatu ditu, erronkak, esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko gune gisa ere balioko dutenak.
Programa amaitzean, hautatutako proiektuek negozio-plan bat garatuta izango dute eta laburpen exekutibo bat izango dute balizko inbertitzaileen aurrean aurkezteko prest. Iraileko lehen astean parte-hartzaileek beren negozioa aurkeztuko dute epaimahai baten aurrean, eta hiru proiektu onenek 10.000 €-rainoko saria jasoko dute.
2022ko edizioan, Cristian Martin, Alfredo Solano eta Juan Pedro Solano ekintzaileek irabazi zuten lehen saria ‘Landatu Solar’ proiektuarekin. Negozio hori eguzki-instalazio flotatzaileetarako flotagailuak saltzera eta horrelako instalazioak diseinatzera bideratuta dago. Ibon Mintegiren, adimen artifizial aplikatuko start-up-en Venture Builder bat den AiPower-eko bazkidearen, mentorizazioa izan zuten.
Cristian Martinek azpimarratu duenez, “niretzat eta Landatu Solar-entzat, BBK Ekinen parte hartu izana bultzada handia izan da. Aukera eman digu gure enpresari ikusgarritasuna emateko eta pertsona oso interesgarriak ezagutzeko, eta beraiengandik asko ikasi dugu eta elkar lanean jardun ahal izan dugu. Gainera, jasotako saria oso ondo etorri zaigu, batez ere orain arte egindako lan guztiaren aitortza delako eta bide onetik goazela berresten duelako. Programak eskaintzen duen mentoring edo aholkularitzari dagokionez, oso lagungarria izan da mentoreen iritzia ikuspegi orokorrago batetik ezagutzea, eta beste sektore batzuetan duten esperientzia eman digute, enpresan inplementatu ahal izan duguna”.
“Mentore edo aholkulari gisa lan egiteak hasierako fasean zeuden startup-en sektorearekin lehen harremana izatea ahalbidetu dit, eta balio-proposamen bat sortu eta garatzera bideratutako ekimen berritzaileak ezagutzea ere bai, berehalako prozesu komertzial batean zentratu aurretik” esan du Ibon Mintegik.
GJHekin bat egiten duen ekintzailetza
Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta lehiakortasun iraunkor edo jasangarriaren aldeko apustuarekin bat eginda, gizarte eragin edo inpaktu sozial positiboa duen ekintzailetzari laguntzea BBKren gizarte-ekintzaren jarduera-ildo estrategikoetako bat da. Erakundeak hainbat programa ditu ekintzailetza-ibilbidearen fase bakoitzean eragiteko, eta balio erantsi handiko zerbitzuak eta inbertsio-tresnak uztartzen dituen ekintzailetza-eragile bakarrenetakoa da.
“Gure helburua ekintzailetza bultzatzea da, fase bakoitzean beharrezko baldintzak sortuz, gizarte-aldaketa sustatzen duten ideiek negozio-eredu sendo eta iraunkorra, etorkizuneko eskalagarritasuna ahalbidetuko duena, izan dezaten”, esanez amaitu du Nora Sarasolak.