BBK-K MILIOI BAT EURO BIDERATUKO DITU LEHEN SEKTOREARI LAGUNTZEKO AZOKAZ BETETAKO URTE HONETAN

BBK-k milioi bat euro bideratuko ditu 2023an Bizkaiko baserritarrei laguntzeko, lurraldearen lehiakortasun iraunkor edo jasangarrian aurrera egiteko sektore estrategiko baten protagonistak baitira. Entitatearen laguntza bi bide desberdin eta osagarriren bidez gauzatuko da salmentak laguntzeko: 73 udalerritan 103 azoka egingo dira guztira, eta BBK Azoka e-commerce, Bizkaiko lehen sektorearen erakusleiho digitala, non lurraldeko 58 ekoizlek parte hartzen duten.

Nora Sarasolak, BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, eta Ainhoa Elortegik, erakundeko ingurumen eta jasangarritasunaren arduradunak, Urduñako Santa Klara baserrira egindako bisitan, BBK-k Bizkaiko lehen sektoreari laguntzeko dituen ekimenen xehetasunak aurkeztu dituzte gaur goizean. Mikel Kormenzanak, Santa Klara baserriaren jabeak, artisau-marmeladak egiten ditu bere baserrian ekoitzitako fruta eta ortuariekin.  Kormenzana Bizkaiko azoketan ohikoak diren baserritarretako bat da, eta BBK Azokaren bidez ere merkaturatzen ditu bere produktuak.

BBK-k 1977an hartu zuen lehen sektorearekiko konpromisoa, Bizkaiko nekazaritza- eta abeltzaintza-azoken antolakuntzan laguntzen hasi zenean, sektorearentzat garrantzi handiko zuzeneko salmenta-kanala izaki. Lehenengo urte hartan 12 azoka egin ziren eta 46 urte geroago ehundik gora egiten dira. Aurten ere bizkaitarrek, besteak beste, Abadiño, Bermeo, Muskiz, Gernika, Zamudio eta Bilboko San Tomas azokez gozatu ahal izango dute, BBKri esker.

Bisitan, Nora Sarasolak nabarmendu du BBK-k Bizkaiko azoketan emandako laguntzarekin elikadura-sistema jasangarria bultzatzen dugula ingurumen- eta klima-inpaktua murrizteko helburuaz, elikagaien segurtasuna indartuz, herritarren osasuna babestuz eta inplikatutako eragileen gure baserritarren errentagarritasun ekonomikoa bermatuz, beraiek aintzatesteaz eta balioesteaz gain. Lehen sektoreak kalitatezko eta bertoko elikagai eta produktuak, freskoak, osasungarriak, trazagarriak, jasangarriak eta ingurumen-aztarna txikikoak eskaintzen ditu. Beraz, lurraldearen lehiakortasun jasangarrirako sektore estrategikoa da, eta horren eginkizuna indartu egingo da epe ertainera, adibidez, Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda eta Europako Itun Berdea lako ekimenen bidez.

2022an, 170 ekoizle bizkaitarrek (55 emakume eta 115 gizon) parte hartu zuten BBK azoketan; horietatik 38k 10 azoka baino gehiagotan errepikatu zuten, eta 8k 30 baino gehiagotan. Azoka horietan beste lurralde batzuetako 49 ekoizlek ere parte hartu zuten.

Mikel Kormenzanak azaldu duenez, “zuzeneko salmenta funtsezkoa da gure ekoizpen-eredurako; azoken eta merkatuen aldeko apustuak gure baserriak eta herrien jarduera mantentzen laguntzen du.azoketara joatea bere jarduera komertzialaren zati garrantzitsua da oraindik”

BBK Azoka, baserritarren erakusleiho digitala 

Azoketan presentzia handitzeaz gain, 2023an BBK Azoka zuzeneko salmentako online plataformaren ikusgarritasuna bultzatzen, baserritar berriak erakartzen eta plataforma logistikoa hobetzen jarraituko du BBK-k. Gaur egun, e-commerce honek jarduneko ustiategi txiki eta ertainetako 58 ekoizle ditu. Sasoi edo denboraldiaren arabera txandakatuz, urtean zehar kalitate bikaineko tokiko 500 produktu eskaintzen dituzte, hala nola ortuari edo barazkiak, fruta, eztia, arrain-kontserbak, esnekiak, marmeladak, hestebeteak edo txakolina, besteak beste.

2022an BBK Azokak hilean batez beste 60 eskaera kudeatu ditu, 65 euroko tiketarekin batez beste. Sarasolak adierazi duenez, “erosketa errepikariak egiteaz gain, erosketa-saskiari produktu berriak eranstera animatzen den kontsumitzaile-komunitatea fidelizatzea lortzen ari gara, eta horrek batez besteko tiket altuagoa eragiten du”.
BBK-k eta atxikitako ekoizleek BBK Azokaren jarduera sendotzeko itxaropena dute:  “Nekazaritzako elikagaien sektoreak ez du salmenta-kanal digitaletatik aldendu behar, kontsumitzaileen profil berrietara egokitu gura badu, hurbileko produktuak kontsumitu nahi dituztelako eta beraientzat online erosketa aukerarik onena delako”.

Arantza Meabek, Urduñako gozogileak, Santa Klara baserriko produktuak erabiltzen ditu bere elaborazioetan eta bisitan izan da; berak azaldu duenez, “garrantzitsua da kontsumitzaileak erosten duen produktuari aurpegia jartzea, pertsona horren atzean bere lana dagoelako eta nork aholkatuko duen hobeto. Zuzeneko salmentak pertsona eta produktua lotzen laguntzen du”.