BBK-K TRAPAGARANEN AURKEZTU DU “HERRIZ HERRI” PROGRAMA GIZARTE-ERAGINA DUTEN PROIEKTUAK LANTZEKO BIZKAIKO UDALEKIN BATERA

2022/07/01

BBK-k hasiera eman dio gaur “Herriz Herri” proiektuari, Bizkaiko 85 udal baino gehiagorekin lankidetzan egindako ekimenari; ekimen horren bidez, erakundeak eragin sozial positiboko hainbat ekintza egingo ditu 2022an.  Erakundeak 16 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egingo du. Proiektu honen lehenengo geltokia Trapagaran da, eta bertan BBK-k Udalarekin akordio bat sinatu du honako proiektu hauek elkarrekin bultzatzeko:  Dantzari Ibiltaria, Bakardade Ikusezina, Azokak, Artearen Ibilbidea eta Kirolaren Digitalizazioa. Aurkezpen-ekitaldian izan dira Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusia, Xabier Cuellar Trapagarango alkatea eta Silvia Mera kultura-zinegotzia.

Artearen Ibilbidea ekimena, artea eta kultura Bizkaiko lurraldera eta herritarrengana hurbiltzea bultzatzen duena, jada igaro zen Trapagarandik maiatzaren 24tik 31ra bitartean, eta duela gutxi Kirola digitalizatzeko proiektua jarri da abian, eta horren bidez BBK-k berrikuntza teknologikoak sartuko ditu herriko kirol-instalazioetan, zehazki Errotarte futbol-zelaian eta udal-kiroldegian.

Uda ostean, Trapagaranek Dantzari Ibiltaria hartuko du, herritarren artean euskal dantza tradizionala sustatzeko ekintza. Irailaren 2an izango da, Llano plazan, 18:30ean. Aiko Taldeak dinamizatutako erromeria honek zuzeneko musikarekin esperientzia honetan parte hartzera animatuko ditu bertokoak.  Gainera, modu inklusiboan, guztiek dantzaz gozatu ahal izateko argibideak emango dira.

Irailean Bakardade Ikusezina iritsiko da Trapagaranera, BBK-k 2019an abian jarri zuen ekimen arrakastatsua, adineko pertsonen artean dagoen gura bako bakardadeaz gizartea kontzientziatzeko helburua duena.  Oraingoan, Mercedesen eskultura hiperrealista, Ruben Orozco artista mexikarraren lana, Maiatzaren Lehena etorbidean jarriko da. Era berean, urrian, kontzientziazio- eta dibulgazio-jardunaldi batzuk jarriko dira abian, nahi ez den edo gura bako bakardade-egoerak saihesten lagunduko duten jarraibideak aktibatzeko.

Aldi berean, prestakuntza-pilulekin ikastaro bat egingo da adinekoentzat, online bankaren kudeaketan dagoen eten digitalari aurre egiteko, Sasoiko-Secot eta Kutxabanken eskutik.

Bestalde, azaroaren 6an Zugaztietako XXI. Nekazaritza eta Abeltzaintza Azoka egingo da, BBKren laguntza duen hitzordua, lehen sektoreari eta hurbileko produktuen salmentari ‘Azokak’ ekimenaren bitartez laguntzeko.

Proiektu honekin, bizkaitarren kohesioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa adierazten du BBK-k, Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusiak hitzarmenaren aurkezpenean azaldu duen legez:  “Herriz Herri-ri esker, eskuz esku lan egingo dugu udalekin eta tokiko gizarte-eragileekin, gizarte-eragin positiboko ekintzak elkarrekin bultzatzeko. BBKn sare bat sortzearen aldekoak gara, non hainbat eragilek elkarrekin lan egingo dugun guztion onerako, horrela, guztiontzako Bizkaia, inklusiboa, oparoa, kohesionatua eta iraunkor edo jasangarria eraiki ahal izateko. Programa honen bidez, Bizkaian ahalik eta udalerri gehienetara eroango ditugu aukera-berdintasun, gizarteratze eta lurralde-garapenaren aldeko ekimenak, lehiakortasun iraunkorraren eta 2030 agendan ezarritako GJHen ikuspegitik pentsatuak, Bizkaiko herritar guztiek, bizi diren lekuan bizi direla, BBKren gizarte-ekintzak eskaintzen duen guztia aprobetxa dezaten; izan ere, batez beste 38 milioi inbertituta urtean, Espainiako lehen gizarte-ekintza da biztanleko egindako inbertsioari dagokionez. Hori guztia, datozen belaunaldiei mundu hobea uztearren”.

Bestalde, Trapagarango alkate Xabier Cuellarrek aurkezpenean adierazi duenez, “horrelako ekimenak, BBKren eta ‘Herriz Herri’ programaren lankidetzari esker, oso interesgarriak dira, jendeari aukera-berdintasun, gizarteratze eta lurralde-garapenaren aldeko kultura-ekintzak eta beste esparru batzuetakoak hurbiltzen zaizkio eta”.