BBK Klima Bizi: 25 bizikleta elektriko pedalei eraginez Busturialdea ezagutzeko

Aste Santua bertan dela, datorren asteburuan Bermeo, Mundaka eta Busturiako bizikleta elektrikoen geltokiak irekiko ditu BBK Klima Bizik. Guztira, 25 bizikleta elektriko Busturialdea ezagutzeko pedalei eraginez.

Gaur goizean egin da Bermeon hiru geltoki horiek berriz irekitzeko ekitaldia. Lamera Parkeko geltokian egin da, eta bertan izan dira Leire Zarate, BBK Klima proiektuaren arduraduna, eta ‘Bermeoko Ziklistek’ taldeko kide batzuk. Bermeotar grupeta arduratu da BBK Klima Biziren denboraldiari “hasiera emateaz”. Bizikleta horiekin herrian zehar egon dira komunikabideekin batera, eta Busturialdea bizikletaz ezagutzeko gako batzuk partekatu dituzte.

Zaratek azaldu duenez, “Busturialdean mugikortasun jasangarria sustatzeko apustua egingo dugun hirugarren uda izango da aurtengoa, BBK Klima proiektuaren esparruan, eta horrela klima-aldaketaz sentsibilizatu eta kontzientziatzea bilatzen dugu. Gure helburua argia da: mugikortasun jasangarria sustatzea. Bizikleta garraiobide garbia da, eta, aldi berean, jarduera fisikoa errazten du. Gainera, kutsadura atmosferiko eta akustikoa txikiagoa dauka eta bizi-kalitate handiagoa ematen du”. Era berean, laster laugarren geltoki bat jarriko dela martxan eskualdean aurreratu du.

BBK-k bizikleta elektrikoen hiru geltoki ditu Busturialdean:

  1. BBK Klima Abentura: 2022ko udan jarri zen martxan.
  2. Bermeoko instalazioa: 2023ko ekainaren 9tik dago martxan. Lamera Ibilbidean dago (gaur bertan egin da denboraldiaren aurkezpena).
  3. Mundakako geltokia: 2023ko uztailaren 14tik dago martxan. Bañutegi kalean dago.

Herritar guztientzat eskuragarri dagoen zerbitzua da, eta oso erabilera erraza du. Kudeaketa guztia telefono mugikorraren bidez egiten da, NextBike aplikazioaren bidez (www.nextbike.es/bbklima). Erabiltzaileak aplikazioa bere terminalean deskargatzen duenean, erregistratu egiten da, eta bizikletaren eranskailuaren QR kodea eskaneatu dezake alokatzeko eta haren erabilera kudeatzeko. Zerbitzua amaitzeko, bizikleta berriro ainguratu beharko da dauden hiru geltokietako batean, eta alokairua automatikoki amaituko da, appak erakutsiko duen bezala.