‘BBK MENDI MARTXAK 2023’ IGANDEAN HASIKO DA DURANGALDEAN SARRIMENDIKO IGOERAREKIN

Iaz izandako arrakastaren ostean, BBK Mendi Martxak 2023 edizioa datorren igandean, otsailak 5, hasiko da Durangaldean. Sarrimendira igoera izango da, Oiz mendigunean. Irteera osatzeko, Javier Franco ekologoak hitzaldia emango du barikuan Berrizko kultur etxean, biodibertsitatearen galerari eta horrek planetan duen eraginari buruz, eta Pagasarri, el Descubrimiento dokumentalaren proiekzioa egingo da.

Sarrimendira igoera 16,64 km-ko eta 612 m-ko desnibeleko ibilaldi gidatua da. Taldea 09:00etan abiatuko da Berrizko Olakueta plazatik. BBK Mendi Martxa guztiak bezala, oraingoa ere irteera inklusiboa da. Beraz, zailtasun tekniko handirik gabeko pista eta bidezidorretan barrena da ibilbidea, edozein pertsonak seguru egiteko modukoa. Parte-hartzaileek txakurrak ere eroan ditzakete. Ibilbidean zehar, mendizaleek zaborra batuko dute, ibili ahala ingurune garbiagoa eta zainduagoa uzteko. Ibilaldia Berrizko Amaraune Mendi Elkartearekin elkarlanean antolatu da.

Parte-hartzea doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da https://bmf-fvm.org/ webgunean.

Hitzaldia eta dokumentala

BBK Mendi Martxak egiten direnean hitzaldi bat ere izaten da, eta oraingoan Javier Franco ekologian aditua den biologoak emango du: El cambio global, la gran amenaza para el planeta (Aldaketa globala, planetarentzat mehatxu handia) hitzaldia ostiral edo barikuan, otsailak 3, 19:30etan, izango da Berrizko kultur etxean.

Hitzaldiaren aurretik Pagasarri, el Descubrimiento (Aurkikuntza) film labur dokumentala proiektatuko da. Juanjo San Sebastianek zuzenduta, mendi xume honek euskal mendizaletasunaren garapenean izan duen eragin izugarria eta historia harrigarria jasotzen ditu dokumentalak.

Bizkaiko Mendizale Federazioarekin lankidetzan garatutako ekimena da BBK Mendi Martxak, eta bizkaitarrak beren lurraldea jagon edo zaintzeko eta babesteko sentsibilizatzea du helburu, bertoko natura-ondarea ezagutuz.  Nazio Batuek 2030 Agendaren esparruan Garapen Jasangarrirako ezarritako Helburuetako hainbatekin bat datorren ekintza da. 2022an, BBK Mendi Martxen irteera bakoitzean adin guztietako 644 pertsonak parte hartu zuten, batez beste.