BBK Mendi Martxak 2023 jada ekimen neutroa da karbono aldetik

BBK Mendi Martxak 2023 jada ekimen neutroa da karbono aldetik, Urdaibain 285 zuhaitz landatu izanari esker

BBK Mendi Martxak 2023 edizioak burutu du proiektua abian jarri zuenean bere buruari ezarritako ingurumen-erronka: ekimenak sortutako CO2 isuriak konpentsatzea. Azaroaren 11n Urdaibain egindako zuhaitz-landaketarekin egin du, eta ekintza horren bidez 64,85 tona karbono konpentsatzea lortuko da 40 urteko epean. Eta ez hori bakarrik, biodibertsitatea berreskuratzen, lurzoru emankorrak sortzen, higadura saihesten, ziklo hidrikoa hobetzen, tokiko klima erregulatzen eta gure paisaia- eta kultura-ondarearen zati bat berreskuratzen lagunduko du.

Ekimenean 60 boluntariok parte hartu zuten. Gehienak autobusez joan ziren Mungiatik Muxikara, zehazki Gerekiz ingurura, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren barruan dagoen gunera. Lurgaiaren laguntzarekin, Bizkaian ohikoak diren baso mistoetako hainbat espezietako 285 zuhaitz eta zuhaixka landatu zituzten egunean zehar. Artea izan zen landaketaren protagonista nagusia, 95 alerekin. Baina inguru hartan dagoeneko 35 gurbitz, gaztainondo, erramu, elorri beltz eta haritz berri daude, baita 15 aladierno ere, 2.500 metro koadro inguruko eremuan banatuta.

Ekimen horri esker, aurten ere BBK Mendi Martxak karbono aldetik proiektu neutroa da, iazko edizioa izan zen bezala, Pagasarrin ehun bat gorosti landatu izanari esker.

BBK Mendi Martxak 2023 edizioak azken txanpa du, eta Bizkaiko mendietan barrena egin beharreko zazpi ibilaldietatik sei burutu ditu, baita irteerei lotutako hitzaldiak ere, ikerketaren arloko lehen mailako hizlarien eskutik. Miguel Delibes de Castro, Fernando Valladares biologo eta ikerlariek eta Jerónimo López geologoak parte hartu dute.

Azken irteera abenduaren 17an Bilbon Arnotegira (426m) izango da, Juventus S. D.rekin elkarlanean antolatua. 13 kilometroko ibilaldia da, publiko guztientzat egokia, eta dagoeneko eman daiteke izena Bizkaiko Mendizale Federazioaren web orriaren bidez (https://bmf-fvm.org).

Bizkaiko Mendizale Federazioarekin lankidetzan garatua, BBK Mendi Martxak ekimenak hiru ardatz ditu ―prestatzea, jardutea eta ezagutzea― eta Bizkaiko herritarrei lurraldea jagon edo zaintzeko eta babesteko konpromiso premiazkoa eta saihestezina helarazi gura die. 2030 Agendaren esparruan Nazio Batuek zehaztutako Garapen Jasangarrirako Helburuetako hainbatekin bat datorren ekimena da.