BBK MENDI MARTXAK EKIMENAK DATORREN IGANDEAN BERE IBILBIDEARI JARRAITUKO DIO BIZKAIKO MENDIETAN LEMOATXARA IGOZ

BBK Mendi Martxak ekimenaren 2023ko edizioak igande honetan, maiatzak 21, jarraituko du Bizkaiko mendietara igotzeko bere irteera-egutegiarekin. Arratia-Nerbioi eskualdean Lemoatxara igoera egingo da. Mendi txiki hori gerra zibileko guduen eszenatoki izan zen, eta ibilbidea lubakiz eta gerrako beste aztarna batzuez zipriztinduta dago oraindik. Irteera osotzeko, ostiral edo barikuan Lemoako Kotxepin kultur etxean Jerónimo López geologo eta ikertzailearen hitzaldia izango da: ‘Hielo, Montañas y Cambio Climático’ (Izotza, Mendiak eta Klima Aldaketa) gaiaz berba egingo du.

Lemoatxara igoera 8,2 km-ko eta 425 m-ko desnibeleko ibilaldi gidatua da. Taldea irteteko hitzordua 9:00etan da 1936 Urteko Gudarien parketik. BBK Mendi Martxa guztiak bezala, oraingoa ere irteera inklusiboa da. Beraz, zailtasun tekniko handirik gabeko pista eta bidezidorretan barrena izango da ibilbidea, edozein pertsonak seguru egiteko modukoa. Parte-hartzaileek txakurrak ere eroan ditzakete. Ibilbidean zehar, mendizaleek zaborra batuko dute, ibili ahala ingurune garbiagoa eta zainduagoa uzteko. Ibilaldia Ganzabal Mendi Taldearekin lankidetzan dago antolatuta.

Parte-hartzea doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da Bizkaiko Mendizale Federazioaren web-orriaren bidez: https://bmf-fvm.org/. 

Hitzaldia

‘BBK Mendi Martxak’ igoera guztien inguruan hitzaldi bat izaten da eta, kasu honetan,  Jerónimo López geologo, alpinista eta ikertzaile polarrak emango du. Maiatzaren 19an, ostirala, 20:00etan, Lópezek ‘Hielo, Montañas y Cambio Climático’ (Izotza, Mendiak eta Klima Aldaketa) hitzaldia eskainiko du Lemoako Kotxepin kultur etxean.

Hitzaldian, planetako tenperaturaren igoeraren ondorioz Antartikan eta Artikoan gertatzen ari diren aldaketak eta horien ondorio globalak aztertuko ditu, datu eguneratuekin. Glaziarrek eta permafrostak eskualde horietan eta munduko mendietan duten egoeraz hitz egingo du.

Bizkaiko Mendizale Federazioarekin lankidetzan garatutako ekimena da BBK Mendi Martxak, eta bizkaitarrak beren lurraldea jagon edo zaintzeko eta babesteko sentsibilizatzea du helburu, bertoko natura-ondarea ezagutuz.  Zailtasun teknikorik gabeko zazpi ibilbide, edozein pertsonak egiteko modukoak, sartzen dira; baita ikerketaren eta ingurumena babesteko konpromisoaren arloan lehen mailakoak diren hizlarien hitzaldi-ziklo bat ere, eta ingurumen-erronka bat, Mendi Martxak 2023 karbono aldetik ekimen neutroa izan dadin lortzeko.

2030 Agendaren esparruan Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuetako hainbatekin bat datorren ekintza da. 2022an, BBK Mendi Martxak ekimenaren irteera bakoitzean adin guztietako pertsonen parte-hartze handia izan zen.