BBK Mendi Martxak ekimenaren azken txanpan Urdaibain zuhaitz-landaketa egingo da, karbono-aztarna konpentsatzeko

BBK Mendi Martxak 2023 bere azken etapetan dago, eta proiektua abiaraztean bere buruari ezarri zion ingurumen-erronka aktibatu du: ekimenak sortutako CO2 isuriak konpentsatzea. Horretarako, azaroaren 11n zuhaitz-landaketa egingo du Urdaibain, aurtengoa ere karbono aldetik ekimen neutroa izan dadin, iaz bezalaxe, Pagasarrin ehun bat gorosti landatu izanari esker.
Oraingo honetan, aukeratutako kokapena Gerekiz ingurua da, Muxikako udalerrian, Urdaibaiko Biosferaren Erreserba barruan. Gerekiz gainera iristeko bidea autobusez egingo da, goizeko 09:00etan Mungiako Matxin plazatik (udaletxearen ondoan) irtengo da. Lurgaia Fundazioarekin lankidetzan, 9:00etatik 14:00etara, Bizkaiaren ezaugarri diren baso mistoetako espezie batzuen 300 zuhaitz eta zuhaixka inguru landatuko dira: haritzak, urkiak, hurritzak, gorostiak, basa sagarrondoak, mendiko zumarrak, lizarrak edo elorri zuriak, besteak beste.
Jarduera honetan parte hartzea doakoa da, aldez aurretik Bizkaiko Mendizale Federazioaren webgunean izena emanda: bmf-fvm.org