BBK MENDI MARTXAK, INGURUMEN-KONPROMISO INKLUSIBOAREN ERREFERENTE BAT

Datorren uztailetik aurrera, proiektu bat gauzatzen hasiko da BBK; proiektu horrek, hiru norabidetan irekita, gure habitata ─gure lurraldea─ jagon edo zaindu eta babesteko konpromisoa, premiazkoa eta ezinbestekoa, helarazi gura die bizkaitarrei.

Prestatzea, jardutea eta ezagutzea. Gizarte osoa pixkanaka sartzea eta inplikatzea, inolako bereizketarik egin barik, ezta gaitasun fisikoagatik ere.  Hori guztia lortu gura dugu BBK Mendi Martxak proiektuarekin, BBK-k Bizkaiko Mendizale Federazioarekin batera bultzatutako ekimenarekin. Koldo Bilbao, BBK-ko arlo-arduradunak eta Victor Manuel Vivar Federazioko lehendakariak gaur goizean aurkeztu dute ekimena BBK Salan. Uztailaren 25ean hasiko da Urduñan.

‘BBK Mendi Martxak’ Nazio Batuek 2030 Agendaren esparruan zehaztutako Garapen Jasangarrirako Helburuetako hainbatekin bat egiten duen proiektua da.  Aurkezpenean, Koldo Bilbaok adierazi duenez, “datozen belaunaldien etorkizuna bermatzeko, gure ingurunea zaintzen hasi behar dugu; eta ingurunea hobeto ezagutzeak maitatzera eta horrela zaintzera eroango gaitu. Espiritu horrekin jartzen dugu abian BBK Mendi Martxak ekimena eta Bizkaiko familiak irteera horietan parte hartzera animatzen ditugu, horiei esker eguneroko parajeak beste ikuspegi batetik ezagutuko baitituzte”.

Bestalde, Victor Vivarrek bere esker ona adierazi die Bizkaiko mendizaletasunaren egitura garrantzitsuenei, federazio honek oinarri dituen egiturei: mendiko klubak.

Urduña, Galdakao, Zalla, Mungia eta Bilbon egingo dira jarduera hauek. Guztietan, jarduera-eskema berberari jarraituko zaio:

  1. Ingurune naturala zaintzeko ikerketaren eta konpromisoaren arloan lehen mailako hizlarien hitzaldia.

Lehenengo biak, klima-aldaketari buruzkoak, baieztatuta daude. Horrela, uztailaren 22an, Urduñan, La Alhondigako ekitaldi-aretoan, Geologia Zientzietako doktore, irakasle, ikertzaile, dibulgatzaile zientifiko, alpinista eta Antartidan espezialista den Jerónimo Lópezen hitzaldia izango da: “Hielo, Montañas y Cambio Climático” (Izotza, Mendiak eta Klima Aldaketa). Eta irailaren 15ean, Odile Rodríguez de la Fuentek, ingurumena zaintzeko kontzientziazioari buruzko dibulgatzaile zientifikoak, “Clima de Cambio” (Aldaketa Klima) hitzaldia emango du Galdakaoko Torrezabal Kultur Aretoan.

  1. Ingurumen-ekintza: errekak edo eremu zehatzak garbitzea, haziak batzea, eta espezie autoktonoak landatzea boluntarioen taldeen eskutik.

Urduñaren kasuan, La Muerako aisialdi-eremua garbitzen lagunduko dute; Galdakaon, Txaketolandako eremua eta Arantxileko errekaren ibilgua garbituko dituzte; Zallan, Bolunburu aldea; Mungian, Butroe ibaiaren ibilgua; Pastorekortako igoerari lotutako ibilaldian, berriz, ehunka zuhaitz- eta zuhaixka-espezie autoktono landatuko dituzte, Lurgaia Fundazioaren eskutik.

  1. Martxa herrikoia hurbileko mendietara, laguntza, prebentzio edo hornidurako baliabideak ahalik eta gutxien erabiliz. Mendi-irteera gidatuak, inklusiboak, dog-friendly erakoak eta, igaro ostean, ingurune garbiagoa eta zainduagoa lagako dutenak, martxa horietan Zero Hondakin bilketak egingo baitira.

Uztailaren 25ean hasiko dira, Txarlazoko igoerarekin (927 m), Urduñan.  Irailaren 11n BBK Mendi Martxa Gangurenera (477 m) iritsiko da, Galdakaon; urriaren 9an Tallura (344m), Mungian; urriaren 16an Ubietara (632 m), Zallan; eta abenduaren 18an Gangoiti-Pastorekorta zirkuituarekin amaituko da, Urte Berriko ohiko igoerari aurrea hartuta.

Oro har, 12 eta 15 km bitarteko ibilbideak dira, segurtasunez ibiltzea ahalbidetzen eta zailtasun tekniko handirik ez duten pista eta bidezidorretan, 400 eta 700 m arteko desnibelekin.

Irteera hauetan parte hartzea doakoa da, egokiak dira jende guztiarentzat, baina aldez aurretik izena eman behar da federazioaren webgunean: https://bmf-fvm.org/.