BBK Salak 2023ko musika-programazioari ekingo dio Iñaki Urangarekin

Gabonetako etenaldiaren ostean, zuzeneko musika otsailean itzuliko da, hiru bider gainera, Bilboko BBK Salako agertokira. Lehenengo bi hitzorduak hileko lehen asteburuan izango dira. Otsailaren 4an, larunbata, Iñaki Urangak, Mocedades taldeko kide ohiak eta gaur egun El Consorcioko kide denak, bere ikuskizuna eskainiko du: “A buenas horas…”. Bilbotar abeslari ezagun eta maitatuak zuzenean berrikusiko ditu bere errepertorioa ─hiru disko ditu bakarka─ eta markatu duten beste abesti batzuk, orain beste ikuspegi batekin eta eskarmentu handiko bost musikariz osatutako talde bat lagun duela.

Biharamunerako, otsailaren 5erako (igandea), Bilbo erdiguneko Salak BBK Swing 2023 antolatu du, ‘20ko hamarkada zoriontsu’ko erritmo biziei eskainitako egun oso bat. Goizean (12:00etan), dantza-klase irekia, eta bertan Little Harlem – Bilboko Swing Dantza Eskolako maisuek swing, lindy hop, charleston… pausoak irakatsiko dituzte. Arratsaldean (19:30ean), O Sister! taldearen kontzertua, eta goizean ikasitakoa praktikan jartzeko aukera paregabea izango da. Sevillako seikoteak swingaren urrezko garaira jendea eroateko gaitasuna erakutsi zuen 2019ko Aste Nagusian, Bilboko Plaza Barrian. Eta, batez ere, genero zaleak zein neofitoak dantzan jartzeko gaitasuna, jazza, ragtimea, kalipsoa… nahasten dituzten bere kantu biziei esker.

Otsailaren 18an, larunbata, hileko hirugarren musika-hitzordua iritsiko da, BBK Gertutik zikloaren edizio berriaren hasierarekin, BBK Salak urtero programatzen duen kontzertu akustikoen zikloa da. Esti Markez gaztearen pop-rockarekin hasiko da, konfinamendu ostean, lehen diskoa argitaratu zuelarik bere aitarekin, Mikel Markez gipuzkoar kantautore ospetsuarekin, batera. Iaz, 2022an, bakarkako albuma kaleratu zuen, “Hitzekin jolasean”, eta euskal musikan etorkizun handiko artistatzat jo dute. Ondoren, martxoaren 3an, ostirala, Anne Etchegoyen Akitania Berriko abeslari eta konpositore ospetsuak hartuko du lekukoa, euskara, gaztelania, frantsesa eta gaskoia nahasten dituelarik bere konposizioetan. BBK Gertutik 2023 martxoaren 10ean, ostiralarekin, amaituko da, gorabidean dagoen Maren (Bilbo, 2002) izar gaztearekin. Zuzenean egin zuen debuta 18 urterekin, eta, urtebete pasatxoan, kritika onei eta lehen diskoak (“Margaritas y Lavanda”) entzuleen artean izandako arrakasta itzelari esker lortu du nabarmentzea; ondoren “Begixek” EPa egin zuen euskaraz. Programa honetako hiru kontzertuak akustikoan edo elektroakustikoan izango dira, 20:00etan, eta sarrerak gaurtik aurrera egongo dira salgai 15 €-ko prezioan (10 € Kutxabank txartelak erabilita).

Argibide gehiago: salabbk.bbk.eus