BBK Salak ‘La Otxoa’ren agurreko ikuskizuna luzatu du

AGUR OTXOA FEROZ

Iragarri eta hilabetera, La Otxoak agertokiei agur esateko baliatuko duen ikuskizunak % 70eko okupazioa izan du hasiera batean programatutako zortzi emanaldietan (abuztuaren 20tik 27ra, Bilboko Aste Nagusian). Harrera horren ondorioz, muntaia ekoitzi eta emango duen BBK Salak luzatzea erabaki du, oraindik estreinatu ere egin barik. Beraz, “¡Agur, Otxoa feroz!”, Jose Antonio Nielfa ospetsuari buruzko musikala, non berak, 75 urterekin, zuzenean kantatuko dituen abestiak, irailaren 3ra arte egongo da Bilbon ikusgai. Beraz, beste lau egunetan (abuztuaren 31n, irailaren 1, 2 eta 3an) emango da, eta sarrerak salgai daude jada.

Bilboko pertsonaia maitearen azken zuzeneko emanaldiek sortutako ikusmina eta eskaera handia ikusita, BBK Salak, gainera, eta salbuespen gisa, bere leihatila irekiko du aste honetan. Hasiera batean Bilboko Kale Nagusiko lokala oporrengatik abuztuaren 13ra arte itxita egotea aurreikusita zegoen arren, gaurtik, uztailaren 17tik, ostiralera, uztailaren 21era, in situ erosi ahal izango dira sarrerak, 10:00etatik 13:00etara. Horrela, “¡Agur, Otxoa feroz!” ikusteko aukera erraztu gura zaio online erosketak egiten hain ohituta ez dagoen publikoari. Txarteldegiko prezioa aretoaren webguneko berbera izango da, 18 € (azken prezioa).

Unai Izquierdok idatzi eta Getari Etxegaraik zuzendutako “¡Agur, Otxoa feroz!” lanean lau antzezle izango dira, La Otxoaren eta bere bizitzako pertsonaien larruazalean sartuko direnak: Izquierdo eta Etxegarai, Gemma Martínez eta Arnatz Puertas. Lanak Jose Antonio Nielfaren (Bilbo, 1947) ibilbidea kontatzen du, San Frantzisko auzoan izandako haurtzarotik diktaduran eta trantsizio-garaian LGTBIQ+ ikono bihurtu eta 1979ko Aste Nagusian “Libérate” (Aska zaitez) abestiarekin arrakasta lortu zuen artekoa. Nielfa bera izango da agertokian, eta bere kanturik gogoangarrienetako asko zuzenean abestuko ditu, tartekatuz joango baitira bere bizitzako eta ibilbideko une jakin batzuk irudikatzeko. Show honek omenaldi bat izan gura du “jada gure Herriaren historiaren parte den norbaiten mailakoa, ondoren etorri ginenok errazago izateko bidea ireki zuen norbaiten mailakoa” esanez laburbildu du Izquierdok.