Azaroak 16, 2026

Bidaideak elkartearekin batera, egokitutako hiru ibilgailu berri gehitu ditugu

Bidaideak elkartearekin dugun lankidetzaren esparruan, egokitutako hiru ibilgailu berri gehitu ditugu flotara. Horrela, mugikortasun murriztua eta behar bereziak dituzten pertsonen joan-etorriak errazteko erabiltzen diren ibilgailuen kopurua hirutik seira handitu dugu.

Hedapen horri esker, Ola Zentroko eta beste erakunde batzuetako erabiltzaile gehiagori eman ahal izango zaie zerbitzua, besteak beste, Gorabideko, Aspaceko eta Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioko erabiltzaileei. Hala, euren zentroetara joan eta eguneroko jarduerak autonomia handiagoz egin ahal izango dituzte.

2025ean, zerbitzu honetako hiru ibilbideek, Gorabide Durango, Gorabide Astrabudua eta Euskal Herriko Down Sindrome Fundazioa, 27.360 zerbitzu eman zituzten guztira, bakoitzak 9.120. Flotari hiru ibilgailu berri gehituta, zerbitzuen kopurua bikoiztea aurreikusten da.

Ibilgailuak mugikortasun murriztua duten eta behar bereziak dituzten pertsonentzat diseinatu dira bereziki, eta irisgarritasun- eta segurtasun-sistema aurreratuak dituzte. Flota berria autobus batek eta bi furgonetak osatzen dute; autobusak bi gurpil-aulki eta eserita doazen 12 pertsona garraiatzeko edukiera du. Furgonetak, berriz, eserleku tolesgarrien bidez egokitu daitezke, eta bakoitzak hiru gurpil-aulki eta eserita doazen sei pertsona garraiatzeko lekua du. Ibilgailu guztiek gidariarentzako eta ibilbideko laguntzailearentzako eserleku bana ere badute.

Hedapen honekin, Bidaideak elkartearekin batera, behar zehatz bati erantzutea helburu duen proiektua garatzen jarraitzen dugu: mugikortasun irisgarria eta segurua bermatzea, eta pertsonen autonomia eta bizi-kalitatea hobetzea.

BBKn, pertsonen eguneroko bizitza hobetzen eta lurralde irisgarriagoa eta inklusiboagoa eraikitzen laguntzen duten ekimenak babesten jarraitzen dugu.