Maiatzak 21, 2025
Bilboko Itsasadarra BBK Riaren eszenatoki ikusgarria izango da Iñigo de ETS, Amaia, eta Arde Bogotárekin.

BBK banku-fundazioak, bere hamargarren urteurrenaren esparruan, ekitaldi berritzaile bat antolatu du, ekainaren 28an, larunbatean: BBK Ría. Punta-puntako ekitaldi ahaztezina, Bilboko itsasadarreko uretan izango den tamaina handiko lehena da, eta hiru artista garaikide eta beren ibilbideen une bikain batean dauden ETSko Iñigo, Amaia eta Arde Bogota-ren emanaldien agertoki bihurtuko da, hitzez hitz. Zalantza barik, gertaera historiko eta gogoangarria izango da. Bilboko Itsasadarra, hiriburuaren arteria nagusia, hiri ausart honek denboran zehar izandako eraldaketaren lekuko izan da, nortasun nabarmenarekin, bere burua berrasmatzeko gaitasun handiarekin eta ikuspegi berritzaile ukaezinarekin.
Ekimen soziala eta doakoa da, eta kultura eta aisia Itsasadarrarekin uztartuko ditu elkargune gisa, elkarbizitzarako, gozamenerako eta gizarte-kohesiorako gune gisa. 18:00etatik 21:30era, ‘BBK Ría’k kalitatezko musikaz beteko ditu Areatzako ertzak.
Horrela, fundazio gisa hamar urte bete dituela ospatzeko antolatu duen ekitaldi handietako bat azaldu du BBK-k. Urtemuga hori bere Gizarte Ekintzaren jarduera indartzeko eta ezagutarazteko aukera bat da, betiere lurraldearen egungo eta etorkizuneko beharrizanei erantzuteko proiektuak sortzeko helburuari leial.
“Duela hamar urte BBK-k bide zailena, baina errotzeari eta egonkortasunari dagokienez ekarpen handiena egiten zuena, aukeratu zuen. Gaur aurkezten ari garen ekitaldi handi hau eta gure lurraldeko herritar bakoitzari kultura hurbiltzearen aldeko gure apustua, beste ekimen askoren artean, ez lirateke posible izango erabaki harengatik ez balitz”, nabarmendu du Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak kontzertuaren aurkezpenean.
“Gure ustez, kultura gizartea eraldatzeko motorra da, eta kohesiorako funtsezko tresna, komunitate batu, solidario eta anitza eraikitzeko. Beraz, honelako ekitaldiak bultzatzea gure konpromisoaren parte da. Orain, badugu aitzakia bat gure itsasadarraren inguruan guztiok elkartzeko eta ospatzeko”, adierazi du.
Hitzordu berezi eta ezinbesteko honekin, BBK-k herritarren artean kultura sustatu gura du, hiriko ingurune enblematiko batean esperientzia paregabea eskainiz.
Hitzordu handi baterako leku paregabea
‘BBK Ría’ ur gaineko plataforma handietan agertoki ikusgarri batean kokatuko da, Areatzako eta Udaletxeko zubien artean. Publikoak zuzeneko musikaz gozatu ahal izango du esperientzia errepikaezin batean: itsasadarraren bi ertzetan, eta uretan, horretarako baimendutako ontzietan.
Azken urteetako euskal musika-eszenaren fenomeno handi batekin hasiko da kultura-ekitaldia, ETSko Iñigorekin. Izan ere, BECen martxoan 45.000 lagunen aurrean hiru kontzertu historiko eman ostean, hiru ordutan agortu zituzten Madrilgo Movistar Arenan datorren urtean eskainiko duten emanaldirako sarrerak. Beste gonbidatu nagusietako bat Amaia izango da, estudioko hirugarren diskoa, Si Abro Los Ojos No Es Real, argitaratu eta Movistar Arenan bere egunerako “Sarrerak agortuta” kartela eskegi ondoren, publikoa harrituta uzten jarraitzen baitu bere espontaneotasun, talentu sortzaile eta agertokian egoteko moduarekin. Azken kontzertua Arde Bogota taldeak emango du, gaur egun estatuko rock-eszenako talde goraipatuenetako batek.
Bilboko ikono eztabaidaezina, Itsasadarra izango da ekainaren 28an, larunbat arratsaldean, publiko guztientzat den ‘BBK Ría’ ekitaldiaz gozatzera bertaratzen diren guztien elkargunea.
Segurtasun-arrazoiengatik, ekitaldian sarrera eta ur gaineko ontzi eta artefaktuen kopuru mugatua izango da. Ontzi horiek BBK-k kudeatuko ditu, ezarritako segurtasun-jarraibideen arabera. Sarbide-murrizketa eta ur-laminaren erabilera agintari eskudunek arautuko dute. Antolatzaileek prestatu eta jarritako ontzietan egoteko plazak zozkatu egingo dira BBK-k lan egiten duen hirugarren sektoreko elkarteen eta herritarren artean.
Halaber, mugikortasun murriztua duten pertsonentzako gune bat prestatuko da.