EUP!-EK BULEGO MUGIKORRA AURKEZTUKO DU EUP! PLATAFORMA EZAGUTARAZTEKO BIZKAIKO UDALERRIETAN

BBK-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako EUP! tokiko merkataritza-plataformak bira bat hasi du gaur Bizkaiko hainbat herritan izango den bulego mugikorrarekin, Bizkaiko udalerrietan bere presentzia areagotzeko eta tokiko merkataritzarekin bere konpromisoa indartzeko.

Bira hilabetez luzatuko da, eta saltokiei zein erabiltzaileei zuzenduta dago. Alde batetik, dagoeneko aktibo dauden saltokiei errefortzu-saioak eskaintzea proposatzen da, kanal ezberdinetan duten presentzia areagotu dezaten; eta, bestetik, saltoki berriak plataformara erakartzea. Era berean, Marketplace-a kontsumitzaile berriei ezagutaraztea eta kanal horren bidez erosketa sustatzea ere lortu gura da.

Ekimena gaur eman da ezagutzera Barakaldon egindako prentsaurrekoan, eta bertan izan dira Ainara Basurko Ekonomia Sustapeneko diputatua, Nora Sarasola Gizarte Ekintzako zuzendaria eta Maribel Salas antzezlea, anfitrioia bere jaioterrian, autobusak lehen geldialdia egin duen tokian.

Nora Sarasolak azaldu duen lez, “Eup! Bizkaiko Merkataritza Zentro digital handiak argi erakusten du tokiko merkataritza eta digitalizazioa bateragarriak direla, eta, beraz, erosteko ohitura berriak eta hurbileko merkataritza mantentzea ez daudela elkarren kontra”. Eta merkatariak animatu ditu proiektu hau aprobetxa dezaten: “Izan ere, merkataritzak estrategia omnikanala bilatu behar du, bezeroari harremanetako eta interakzioko gune guztietan (fisiko eta digitaletan) esperientzia integrala ziurtatuko diona”. Eta Bizkaiko biztanleei zuzendu zaie eta ziurtatu die eurak direla gakoa, “zeren eta bizkaitar batek erosketa bat egitea erabakitzen duen bakoitzean, berak gura duen Bizkaia eredua aukeratzen ari baita”.

Bestalde, Ekonomia Sustapeneko diputatuak azpimarratu du Eup! tokiko merkataritzaren lehiakortasuna indartzeko diseinaturiko ekimena dela, jasangarritasunaren eta gizarte-erantzukizunaren irizpideekin betiere. “Hori lortzeko, funtsezkoa da digitalizazioaren erronkari aurre egiteko tresnak eta gaitasuna ematea dendariei. Era berean, garrantzitsua da guztiok jabetzea kontsumitzaile gisa hartzen ditugun erabakiek ondorioak dituztela. Gure tokiko merkataritza lagundu dezakegu, eta horrek gure udalerrietako eta Bizkaiko jarduera ekonomikoa babestea esan gura du. Eredu arduratsua eta jasangarria hauta dezakegu”, ziurtatu du Ainara Basurkok.

Pizgarriak eta sari-banaketa

Eup!en bulego mugikorra petaka autobus bat da, eta barruan bi gune desberdin izango ditu: bata saltokientzat eta bestea bezeroentzat. Bertan, plataformara atxikitzearen onurei buruzko argibideak eta aholkularitza eskainiko dira, eta erabiltzaileen parte-hartzea sustatuko da joko, zozketa eta deskontuen bidez.

Autobusak eskaintzen duen espazioaz gain, ekimena Eup! banatzaileekin indartuko da, patinetean ibiliko baitira herri bakoitzean barrena autobusa non dagoen jakinarazteko eta egingo diren jardueren berri emateko.

Bira gaur hasiko da Barakaldon eta ondoren Basauri, Lemoa, Durango edo Gernika bisitatuko ditu, besteak beste. Kanpainari  amaiera emateko, datorren martxoaren 25ean sariak banatuko zaizkie Bilbon zozketaren irabazleei, eta zozketan sartuko dira autobusean erregistratu diren erosleak eta bira honetan alta eman duten merkatariak. Maribel Salas aktoreak banatuko ditu sariak.

Eup!-ek, gaur egun, 18.000 produktu baino gehiago eskaintzen ditu hainbat sektoretan, hala nola elikadura eta edaria, artisautza, haurtxoentzako gaiak, edertasuna eta higienea, kirola, autoa eta motorra, elektronika eta informatika, loradendak, etxea, bitxigintza eta erlojuak, liburu-dendak eta paper-dendak. Plataformak zerbitzu logistiko propioa du, denda askotako eskaerak egiteko aukera ematen du eta bidalketa-gastuak eta itzulketak doakoak dira.