Euskal gizarteak modaren etorkizuna irudikatu du “Etorkizuneko biztanleak” ekimenarekin

BBK Kuna: GJHen Etxeak “Etorkizuneko Biztanleak”en beste edizio bat aurkeztu du gaur goizean, Kristian Prieto BBK Kunako arduradunaren eta Braulio Gómez Deustuko Unibertsitateko Zientzia Politikoko irakasle eta Deustobarometroko zuzendariaren eskutik.

Gune hau BBK Kunaren barruan sortu zen, herritarrak etorkizunari buruzko eztabaida publikora batzeko asmoarekin; izan ere, beraien ahotsa ez dago ia ordezkatuta, adituek eta erakundeek egiten dituzten prospekzioek zuzenean eragiten dieten arren.

“Etorkizuneko Biztanleak” ekimenaren hirugarren edizioak MODAREN ETORKIZUNA izan du ardatz:

Zer pentsatzen dute Euskadiko herritarrek etorkizuneko modari buruz? Zelan imajinatzen dituzte etorkizuneko dendak? Jasangarritasun-erronkak arintzeko, berrikuntza teknologikoak balioko duela sinesten al dute? Gizonentzako eta emakumeentzako arropa izaten jarraituko dugu, ala, aitzitik, genero bakarra egongo da?

Azterlan honek herritarren ahotsa jartzen du gizarte-ongizatera bideratutako modaren etorkizunari buruzko eztabaidaren erdigunean, Euskadiko 1.000 laguni egindako inkesta adierazgarri baten bidez.

 

INKESTA PARTE-HARTZAILEAREN DATUAK

  • ETORKIZUNEKO INDUSTRIA

Etorkizuneko industria berdea eta jasangarria izango dela uste da.

Arropa lan-baldintza duinak errespetatuz egitea nahi dute % 72k.

% 70ek industriaren berrikuntza berdean dute konfiantza, eta % 44k arroparen ekoizpena murriztea nahi dute.

Gehienek (% 54) etorkizunean arropa erabat biodegradagarria izatea gura dute, eta markek (% 73) urteko bilduma-kopurua murriztea.

  • ETORKIZUNEKO DENDA

Etorkizuneko dendan honako hauek izatea amesten da: konponketa-zerbitzua (% 53), bertoko arropa-marka gehiago (% 50) eta ingurumena gutxien errespetatzen duen arropa identifikatzen lagunduko dien idazkunak (% 53).

Arropa zaintzeari buruz langileek aholkuak ematea nahi du hiru euskaldunetik batek.

Gazteen % 46k generorik gabeko moda proiektatzen dute etorkizunerako, gizartean dauden neurri guztiekin.

  • MODA ZIRKULARREKO ETORKIZUNA

Herritarren % 60k edukiontzi gehiago eskatzen dituzte erabiltzen ez duten arropa uzteko, eta % 35ek espero dute 2050ean inork ez duela arroparik zakarrontzira botako.

Etorkizuneko dendan, erabiltzen ez duen arropa utzi, trukatu edo saldu ahal izatea gura dute gehienek (% 58).

Jantziaren bizitza baliagarria amaitzen denean, jantzi hori uzteko lekua etorkizuneko etiketan agertzea nahi dute % 43k.

Gehienek etorkizunean bigarren eskuko arropa gehiago erostearen alde egiten dute.

  • MODAREN ETORKIZUNA ETA ESTATUAREN ZEREGINA

Fast fashion markek ingurumenean egiten duten kalteaz ohartarazteko betebeharra izan dezatela nahi dute gehienek (% 54), eta ingurumenean eragin negatiboa duen arropak zerga gehiago ordaintzea (% 67).

Gu janzteko bakarrik erabiltzen diren animalia-haztegiak debekatzearen aldekoak dira herritarrak (% 75).

  • GORANZKO JOERAK

Etorkizuneko joera emergente gisa, % 25ek begi onez ikusten dute arropa alokatzea, % 37k etorkizuneko etiketan jantziaren karbono-aztarna agertzea nahi dute, % 35ek gure bertoko marken arropa guztia ekoizteko ehungintzako lantegiak garatzea aurreikusten dute, eta % 69k modaren industriak sortzen dituen irabazien banaketa bidezkoagoaren alde egiten dute.