Gizarte-eragin positiboa duten hiru proiektu berritzaile saritu ditu BBK EKIN-ek

Plastikoaren erabilera murriztea, adinekoak telefono-iruzurretatik babestea eta artearen bidez hainbat gizarte-arazori aurre egitea: horiek dira Bizkaian gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboa sortzera bideratutako hiru ekintzailetza-proiektuen premisak. Inkubazio-fasean dauden enpresei laguntzeko BBK Fundazioaren BBK Ekin programaren hirugarren edizioan saritu dituzte proiektu horiek, eta enplegua sortzea eta lurraldean gizarte-berrikuntzako aukerak garatzea ditu helburu programak. Isabel Abascal (Compostree), Jose Mari Cabero (Escudero) eta Jon Ander Campos (MakHaziart) izan dira babes hori jaso duten ekintzaileak, oraindik hasierako faseetan dituzten negozio-ideiak bultzatzeko.

Oro har, BBK Ekinek guztira 25 proiektu babestu ditu aurten, jasotako 53 hautagaien artean aukeratuak. Programak iraun duen lau hilabeteetan, finantzaketa-zailtasunak zituen negozio hasiberri bat gerora bere eskalagarritasuna ahalbidetuko duen negozio-eredu sendo eta iraunkor bihurtu ahal izan dute guztiek. BBK Ekinetik igaro ostean, aukeratutako 27 proiektuek beren negozio-plana garatu dute eta laburpen exekutibo bat prest dute inbertitzaile izan daitezkeenei aurkezteko.

BBK-k 100.000 euroko inbertsioa egin du programa honetan. Urtero 100 pertsonak baino gehiagok parte hartzen dute eta banku-fundazioak prestakuntzara eta enpresak sortzera bideratutako programez baliatzen dira. Lurraldearen lehiakortasun jasangarriaren aldeko apustuan eta Garapen Jasangarrirako Helburuen ildotik, ekintzailetza bultzatzea da BBKren gizarte-ekintzaren ildo estrategikoetako bat.

BBK Ekin 2023ko proiektu irabazleak

Lehen saria, 10.000 eurokoa, Isabel Abascalentzat izan da, Compostree proiektuagatik. Negozio horren helburua da landaketetan eta basoberritze-proiektuetan zuhaitzak babesteko erabiltzen diren plastikozko hodien ordez material biokonpostagarriak erabiltzea, horrela plastikoaren erabilera murriztuz.

Jose Mari Caberok bigarren saria jaso du, 5.000 eurokoa, bere Escudero proiektuagatik: nagusi edo adinekoentzako laguntzaile birtuala da, telefono mugikorraren bidez egiten diren iruzurrak detektatzea eta saihestea du helburu, lengoaia naturalaren prozesaketa eta machine learning uztartzen dituen teknologiari esker.<

Hirugarren eta azken saria, 2.500 eurokoa, Jon Ander Camposentzat izan da, bere MakHaziart ekimenagatik; gizarte- eta hezkuntza-arloan esku hartzeko eta aisialdi osasungarrirako proiektua da, eta hainbat gizarte-arazori (eskola-jazarpen eta porrot, buru-osasun, garapen pertsonal, autoestimu edo zahartze aktibo eta abarri) aurre egiteko artea erabiltzen du tresna gisa.

BBK Ekin joan den martxoan abiarazi zen eta lau hilabeteotan zehar garatu da.  Hautatutako ekintzaileek inkubazio-programa oso bat egin dute, MITeko ekintzailetza diziplinatuaren ereduan oinarritua. Aldi honetan, beren gizarte-enpresa egituratu eta baliozkotu ahal izan dute, beren ingurunean eragina izango duen negozio iraunkor bat sortzeko helburuarekin. Ataza edo zereginak plataforma digital propio baten bidez gauzatzea eta aurrez aurreko saioak konbinatu ditu prestakuntza-programak. Ekintzaile bakoitzak mentore edo aholkulari baten laguntza izan du etengabe, eta parte-hartzaileek asko baloratu dute alderdi hori.