LEHENENGO EUP! BIRAK DIGITALIZAZIO-PROZESUA ERRAZTU DIE BIZKAIKO 250 SALTOKI BAINO GEHIAGORI
BBK-k eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Eup! tokiko merkataritza-plataformak bost asteko bira amaitu du martxoaren 25ean. Bira horretan bulego mugikor bat Bizkaiko hainbat udalerritan izan da, horietan bere presentzia areagotzeko eta tokiko merkataritzarekin duen konpromisoa indartzeko.
Bizkaiko zazpi eskualdetan egon da Eup!-en bulego mugikorra, eta, besteak beste, Barakaldon, Santurtzin, Bermeon, Mungian, Galdakaon, Gernikan eta Bilbon egin ditu geldialdiak; bere aholkularitza-taldeak 250 saltokirekin baino gehiagorekin lan egin du digitalizazio-prozesuan, Marketplace-n esperientzia hobetuz eta salmenta omnikanala sustatuz.
Otsailaren 20an abiatu zen bira, eta saltokiei eta erabiltzaileei zuzenduta egon da. Geldialdia egin duen udalerrietako bakoitzean, plataformara atxikitzeak dakartzan onurei buruzko informazioa eta aholkularitza eman ditu Eup!-en bulego mugikorrak, eta erabiltzaileen parte-hartzea sustatu du, joko, zozketa eta beherapenen bidez.
Biran zehar, bulego mugikorraren gune ludikoan Eup! erruletaren 1.100 opari zuzen baino gehiago banatu zitzaien erabiltzaileei, gehi 10 euroko deskontua plataformari atxikitako Bizkaiko saltokien eup.eus webgunean lehen aldiz erosketa egiteko.
Bizkaian barrena lehen roadshow hau amaitu ostean, eta kanpainari amaiera emateko, martxoaren 25ean sari-banaketa egin zen Bilbon zozketaren irabazleentzat, zozketan bulego mugikorrean erregistratutako erosleek eta bira honetan alta emandako merkatariek parte hartu zutelarik. Maribel Salas aktoreak banatu zituen sariak.
“Bizkaiko Merkataritza Zentro digital handia da Eup!, eta argi eta garbi erakusten du tokiko merkataritza eta digitalizazioa bateragarriak direla eta, beraz, erosteko ohitura berriak ez daudela hurbileko merkataritzaren kontra. Alde horretatik, Bizkaiko biztanleria funtsezkoa da, bizkaitar batek erosketa bat egitea erabakitzen duen bakoitzean, zelako Bizkaia gura duen aukeratzen ari baita”, adierazi du Nora Sarasola Gizarte Ekintzako zuzendariak.
Gaur egun, Eup!-ek 19.000 produktu baino gehiago eskaintzen ditu hainbat sektoretakoak, hala nola moda eta oinetakoak, elikadura eta edaria, artisautza, haurtxoentzako gaiak, edertasuna eta higienea, kirola, autoa eta motorra, elektronika eta informatika, loradendak, etxea, bitxigintza eta erlojuak, baita liburu- eta paper-dendako gaiak ere. Plataformak zerbitzu logistiko propioa du, multidenda eskaerak egiteko aukera ematen du, eta bidalketa-gastuak eta itzulketak doakoak dira bai saltokiarentzat eta bai erabiltzaile eroslearentzat.