Urriak 21, 2026
Pertsonen bizitza hobetzeko berrikuntza teknologikoko zazpi proiektu bultzatzen ditugu

Benetako berrikuntza ez da teknologiarekin hasten. Behar batekin hasten da. Uste sendo horretatik abiatuta, BBK Banku Fundazioan lanean ari gara aurrerapen teknologikoak pertsonen bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten benetako
irtenbide bihur daitezen. Horregatik jarri dugu abian Berrikuntza Teknologikorako gure deialdia. Ekimen honen bidez, teknologia berrien ahalmena eta Bizkaiko gizarte-erakundeen ezagutza eta esperientzia uztartu nahi ditugu, bereziki zaurgarritasun-egoeran dauden kolektiboekin lan egiten duten erakundeenak.
Gure helburua erakunde horiei beren zerbitzuen eraginkortasuna, kalitatea eta irismena hobetzen laguntzea da, merkatuan dagoeneko eskuragarri dauden irtenbide teknologiko aurreratuak txertatuz, adimen artifizialetik eta robotikatik hasi eta prozesuen automatizaziora eta jarraipenerako, errehabilitaziorako eta laguntzarako tresnetaraino.
31 proposamen ebaluatu ondoren, zazpi proiektu hautatu ditugu, eraldatzeko gaitasunagatik, beren aliantzen sendotasunagatik eta gizartean eragin positiboa sortzeko ahalmenagatik nabarmentzen direnak. Deialdi honen bidez erakutsi nahi dugu benetako aurrerabidea ez dela garatzeko gai garen aurrerapenen arabera soilik neurtzen, pertsonen bizitzan eragitea lortzen dugun aldaketen arabera ere baizik.
Gizarte inklusiboago baterantz aurrera egiteko zazpi proiektu
Hautatutako ekimenek askotariko errealitateak eta jarduera-eremuak ordezkatzen dituzte, baina ikuspegi bera dute: teknologia erabiltzea autonomia pertsonala handitzeko, zaintza hobetzeko, baliabide espezializatuak eskuratzea errazteko eta gizarte- eta lan-inklusiorako aukerak zabaltzeko.
Hauek dira bultzatuko ditugun zazpi proiektuak:
• ZaintzEXO, Aurrerantzen eta Gogoa Mobility Robotsen proiektua: ehunezko exoeskeletoetan oinarritutako irtenbideak garatzen ditu, etxez etxeko laguntzan aritzen diren emakume profesionalen lan-baldintzak hobetzeko.
• myMSCloud, Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitzaren Fundazioaren eta Reappcionaren proiektua: adimen artifizial sortzailea txertatzen du, esklerosi anizkoitza duten pertsonen jarraipen klinikoa errazteko eta bidelaguntza hobetzeko.
- ALAI, Apnabi Lanen eta Redline Asesoresen proiektua: adimen artifizialean oinarritutako laguntzaile bat da, pertsona autisten erregulazio emozionala eta lan-inklusioa sustatzeko.
- AHOOTSA, Gaude elkartearen eta Centro San Luisen proiektua: robotika adimenduna txertatzen du, adimen-desgaitasuna duten pertsonen komunikazio-gaitasunak garatzeko eta autonomia indartzeko.
- IA Inklusiboa, Lantegi Batuak erakundearen eta Dominionen proiektua: adimen artifiziala aplikatzen du, lan-inklusiorako prozesuak indartzeko eta bidelaguntza pertsonalizatuagoa eskaintzeko.
- NeuroRehab, ASPARBIren eta DynamicsVRren proiektua: etxeko teleerrehabilitaziorako irtenbide bat proposatzen du Parkinson gaixotasuna duten pertsonentzat, errealitate birtualaren eta adimen artifizialaren bidez.
- Bidelaguntza hobetzeko adimen artifizial sortzailea, Argiaren eta Tekneiren proiektua: osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei ematen zaien arreta eta laguntza indartzea du helburu, adimen artifizialeko tresnen bidez.
Proiektu horietako bakoitzari esker, gero eta hurbilago dugu gizarte bat non teknologiak oztopoak gainditzen laguntzen duen, zaintza errazten duen eta pertsona gehiagori beren autonomia eta gaitasunak garatzen laguntzen dien.
Elkarlanak eraldaketa bultzatzeko duen indarrean sinesten dugu
BBKn argi dugu gizarte-erronka handiei erantzun partekatuak eman behar zaizkiela. Horregatik, deialdi honen helburu nagusietako bat hirugarren sektoreko erakundeen eta enpresa teknologikoen arteko aliantzak sendotzea izan da. Uste dugu, hain zuzen ere, elkarlan horretan sortzen direla eraldatzeko gaitasun handiena duten irtenbideak: gizarte-beharrak bertatik bertara ezagutzen dituztenek erantzun berriak garatzeko ezagutza eta baliabide teknologikoak dituztenekin batera lan egiten dutenean.
Jasotako 31 proposamenei esker, erakundeen talentua, sormena eta konpromisoa egiaztatu ahal izan ditugu. Izan ere, baliabideak mugatuak direnean ere, pertsonenbizitza hobetzeko modu berriak bilatzen jarraitzen dute. Eta berrikuntza sozialak eta berrikuntza teknologikoak elkarrekin aurrera egin dezaketela eta egin behar dutela ere berretsi digute.
Eragina duen berrikuntzaren bidelagun izaten jarraitzen dugu
Zazpi proiektu horiek hautatzeak ez du ibilbidearen amaiera adierazten, etapa berri baten hasiera baizik. Orain, ideiak irtenbide zehatz bihurtzeko, proposamenak garatzeko eta baliozkotzeko, emaitzak neurtzeko eta haien irismena zabaltzea ahalbidetuko duten ikaskuntzak partekatzeko unea iritsi da.
BBKn, hautatutako erakundeen bidelagun izaten jarraituko dugu prozesu honetan, gaur garatzen hasi diren irtenbideek bihar gero eta pertsona gehiagori onura ekarri ahal izatea nahi baitugu. Gure konpromisoa helburu soziala duen berrikuntza teknologikoa bultzatzen jarraitzea da, aukerak sortzeko, inklusioa indartzeko eta gure gizartearen ongizateari ekarpena egiteko gai izango dena.

