PROGRAMAREN BIDEZ GIZARTE-ERAGIN POSITIBOKO EKIMENAK BULTZATZEA HITZARTU DUTE BBK-K ETA BALMASEDAKO UDALAK
BBK-k eta Balmasedako Udalak gaur aurkeztu dituzte gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboko ekimenak, “BBK Herriz Herri” programaren babespean 2023an herrian egingo direnak. BBK-k 2022an Trapagaranen aurkeztutako ekimen honen helburua Bizkaiko udalekin batera aukera-berdintasunaren, gizarteratzearen eta lurraldearen garapenaren alde egiten duten ekintzak lantzea da, lehiakortasun iraunkor edo jasangarriaren eta GJHen ikuspegitik. Gaur goizeko aurkezpen-ekitaldian Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak eta Aitor Larrinaga Balmasedako alkateak hartu dute parte.
“BBK Herriz Herri” ekimenari esker, BBK-k bultzatutako hiru proiektuz gozatu eta parte hartu ahal izango dute balmasedarrek: Bakardade ikusezina, Artearen ibilbidea eta Eten Digitala tailerra.
Lehenengoak nahi ez den edo gura bako bakardadearen gizarte-arazoa ikusarazi nahi du, batez ere adinekoei eragiten diena, eta, aldi berean, herritarrak kontzientziatu nahi ditu zaintzaren eta elkartasunaren bidez lotura komunitarioak eta sozialak indartzearen garrantziaz. Balmasedak Ruben Orozco mexikar eskultorearen ‘Mercedes’ eskultura hiperrealista hartuko du.
Artearen Ibilbidea, berriz, BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarlanean gauzatutako ekimena da, eta artea eta kultura Bizkaiko lurraldera eta herritarrengana hurbiltzea du helburu, gune publikoetan jarritako artelanen kalitate handiko erreprodukzioen bidez.
Eta Eten Digitala tailerrak arrakala digitalak helduengan eta adinekoengan dituen ondorio negatiboak minimizatzeko lan egiten du, smartphone eta kolektiboarentzat interesgarriak diren aplikazio batzuen (SOS Deiak, Osakidetza, WhatsApp, Online Banka…) oinarrizko erabileran trebatuz.
Proiektu horrekin, bizkaitarren kohesioarekin eta ongizatearekin duen konpromisoa erakusten du BBK-k, Nora Sarasola BBKren Gizarte Ekintzako zuzendariak aurkezpenean azaldu duen legez: “Gizarte Ekintzak lurraldeko udalerri guztietan inpaktu edo eragina izan dezan konprometituta gaude BBKn, Bizkaia guztiontzakoa, inklusiboa, oparoa, kohesionatua eta jasangarria eraikitzeko. “Herriz Herri” ekimenarekin, Udalen eskutik, adinekoei bakardadean laguntzeko, eten digitala murrizteko, klima-aldaketaz kontzientziatzeko eta gizarte osoaren erronkei aurre egiteko proiektuak garatuko ditugu”.
Bestalde, Aitor Larrinaga Balmasedako alkateak honako hau adierazi du: “Atsegin handiz kolaboratzen dugu BBKren gizarte-ekintzarekin ‘Herriz Herri’ programan. Hau emankorra eta luzea izatea espero dugun lankidetzaren hasiera da. Bi erakundeok interes bera dugu: pertsona guztiak barne hartuko dituen eta inor atzean utziko ez duen “gu kolektibo” bat eraikitzea. Espero dugu ekimen honek Balmasedaren garapenean laguntzea gizarte plural, berdintasunezkoa eta inklusiboa izan dadin. Orain hiru proiektu hauekin hasi gara eta etorkizunean gehiago izatea espero dugu”.
“BBK Herriz Herri” BBKren ekimena da, Bizkaiko 80 udaletan baino gehiagotan egongo da, eta erakundearen aldetik 36 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa izango du. Proiektu honen esparruan, goian aipatutako jarduerez gain, gizarte-eragin edo inpaktu sozial positiboko beste ekimen batzuk egiteko aukera dute udalek, hala nola GJHen Escape Room ─jarduera ludiko eta parte-hartzailea, publiko guztientzat irekia, Garapen Jasangarrirako Helburuak ezagutarazten saiatzen dena─ edo EUP! prestakuntza-saioak ─merkatariei zuzenduta, garapen digitala bultzatuko da beraien trebetasunak hobetzeko helburuarekin, eta tresnak eskainiko zaizkie tokiko merkataritzaren eskaria sustatzeko edo beraien salmenta-bideak zabaltzeko─.