Sentsibilizazioa eta gizarte-kontzientzia, adineko emakumeen aurkako indarkeriaren tabua hausteko

Jakina da 65 urtetik gorako emakumeek emakume gazteek baino gehiago jasaten dutela genero-diskriminazioa, eta, hala ere, emakume horien errealitateak gutxiago artatzen eta ulertzen dira. Gai tabua izaten jarraitzen du, batzuetan estigma ere bai hori pairatzen dutenentzat. Euskadin ere baden gaitz honen tamaina ezagutzen ez den arren, bere garrantzi sozial eta morala eztabaidaezina da. BBK-k, adinekoen beharrizanekin duen konpromisoaren barruan, kolektibo horri informazio- eta sentsibilizazio-tresnak ematearen alde egiten du, arazo hori identifikatzeko eta edozein indarkeria- eta diskriminazio-zantzuri aurre egiteko estrategia gisa.

Azaroaren 25a Emakumearen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna izendatu zuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak. Indarkeria-mota hori fenomeno ikusezin bihurtu da hainbat hamarkadatan, eta desberdintasunaren adierazpen argienetako bat izan da, “munduko krimenik isilduena”, 1980an Emakumearen Egoera Juridiko eta Sozialari buruzko Munduko II. Konferentziak ezarri zuen bezala.

Oraindik ere errealitate ikusezina eta isildua da, eta are gehiago adineko emakumeen kolektiboan, emakume gazteek baino neurri handiagoan jasaten baitute genero-diskriminazioa, eta adineko gizonezkoek baino neurri handiagoan adinagatiko diskriminazioa. Diskriminazio bikoitz hori adineko emakumeen aurkako indarkeriaren ikusezintasunaren oinarrian dago; izan ere, emakume horien kasuak gutxiago ulertzen eta artatzen dira, bai ingurukoen, bai baliabide publikoen aldetik.

Problematika hori, gehiegitan, ez da halakotzat identifikatu ere egiten, eta, horren ondorioz, emakume asko isilik eta beldurrez egon dira urteetan. Horrela ondorioztatzen da Genero Indarkeriarako Gobernuaren Ordezkaritzak 2019an argitaratutako ‘Mujeres mayores de 65 años víctimas de violencia de género’ (Genero-indarkeriaren biktima diren 65 urtetik gorako emakumeak) azterlanetik, non inkestaturiko emakumeen % 98k aitortzen duten beldurra emozio nagusia dutela beren bizitzetan. Hain zuzen ere, beldur horren ondorioz, galdetutako emakumeen % 40k bere bikotekide-bizitzan senarrak eragindako genero-indarkeria jasan dute, 40 urtez baino gehiagoz maila fisikoan, psikologikoan, sexualean eta/edo ekonomikoan gauzatua.

Txostenak adierazten du, halaber, adineko emakumeen aurkako genero-indarkeria gutxiago salatzen den fenomenoa dela; izan ere, gizarte- eta familia-inguruneak, eta are profesional soziosanitarioek ere, askotan, lesioak eta portaerak zahartze-prozesuarekin lotzen dituzte, eta ez indarkeria-ekintzekin, adineko emakumeak direnean. Indarkeria-mota hori ikusezin bihurtzen da, halaber, indarkeria pairatzen duten emakumeek ez dutelako beren burua biktimatzat hartzen, indarkeria beren bizitzen parte izatera igaro baita, eta horrek zaildu egiten du laguntza eskatzea edo salaketa jartzea. Izan ere, % 33,8k soilik jo dute laguntza mediko, psikologiko, sozial edo legaleko zerbitzuetara, eta aldi berean 65 urtetik beherako biktimen % 46,8k.

Sentsibilizazio- eta kontzientziazio-kanpainak, beraz, funtsezkoak dira adineko emakumeen kolektibo horrek bere egoerari izena jarri ahal izateko eta, epaituak sentitu barik, beren kontakizuna  partekatze aldera espazio seguruak aurkitzeko. Euskadin, Etxeko Indarkeriaren edo Sexu Erasoen Biktima izan diren Emakumeentzako Informazio eta Arreta Zerbitzuaren (SATEVI) 2021eko bigarren hiruhilekoko txostenak berresten du indarkeriaren biktima diren 60 urtetik gorako emakumeen deiek gorakada handia izan zutela aurreko urteko bigarren hiruhilekoarekin alderatuta (% 16,25; 2020an, aldiz, % 11,34). Datu horiek sentsibilizazio- eta informazio-ekimenei egozten dizkiete, gizarte-kontzientzia pixkanaka handitzea eragiten dutelarik.

Testuinguru horretan, BBKren Gizarte Ekintzak, Bizkaiko adinekoen beharrizanetatik gertu urteak daramatzanak, zeregin garrantzitsua du. Adineko emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitea dimentsio handiko erronka, gizarte-izaerako erakunde baten eskumenak gainditzen dituena, da, “baina leku horretatik ere prebentzio-ekimenak eta -programak abian jar daitezke, beraien ahalduntzearen alde lan eginez, adineko pertsonak indartsu sentitzen direnean egoera jakin batzuk ez onartzeko edo, behar izanez gero, laguntza eskatzeko tresnak izaten dituzte-eta”, azaldu du BBK Sasoiko Ixone Zubietak.

BBK Sasoikok bere adinekoen zentroak eguneratu ditu, eta parte hartzeko ekosistema sortu du, estereotipoetatik urrun, gaur egun 60 edo 70 urteetara iristen direnen kezkei eta interesei erantzuteko. Proposaturiko jarduera ugariei esker, adinekoek aukera dute esperientzia berriak bizitzeko, nork bereak besteekin partekatzeko, ikasteko eta harreman eta laguntza-sare berriak ezartzeko. “Gure proposamena birplanteatu egin dugu, besteak beste, bizipenen eta emozioen kudeaketa, gura bako bakardade-egoerei aurre egitea edo arrakala digitala kontuan hartuta; azken batean, adinekoen ongizatea eta ahalduntzea helburu duen programa-multzo bat da, haien ahalduntzea baita tresnarik eraginkorrenetako bat, ez bakarrik haien integrazioa ziurtatzeko, baita beraien diskriminazioari eta tratu txarrei aurre egiteko ere”, zehaztu du Zentroko arduradunak.

BBK Sasoiko programaren bidez, BBK-k arreta berezia eskaintzen die adinekoei, eta kolektibo horri buruzko estereotipo negatiboei aurre egiten laguntzen du. Adinekoen beharrizanei erantzuten die, zahartze aktiboa, parte-hartze soziala eta bizialdi osoko ikaskuntza bultzatzen baititu. Ekimen honen bidez, BBK-k pertsona guztiak, beraien adina edozein dela ere, gizarteratzeko lan egiten du, eta hori 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuetan jasotako aldarrikapena da.