Xabier Sagredok “enpresa-zuzendari onena” saria jaso du tu economía sarietan
Xabier Sagredo BBK-ko presidenteak Tu Economía Saria jaso du gaur Madrilen, Enpresa Zuzendari Onena kategorian. La Razón egunkariak bultzatutako sari hauek enpresaburuak eta ekintzaileak nabarmentzen dituzte, beren ahalegin eta talentuarekin egunero aberastasuna sortzen eta ekonomia nazionala modernizatzen laguntzen baitute, lehiakorragoa eta erresilienteagoa bihurtuz. Aurten VIII. edizioa izan da, eta epaimahaiak Xabier Sagredo saritu du azken 7 urteetan BBK Banku Fundazioan egindako kudeaketa sendoagatik. Aldi horretan, Espainiako finantza-merkatuaren kontzentrazio-prozesutik ondorioztaturiko erronkei arrakastaz aurre egitea lortu du, eta lehiakortasun iraunkorrean oinarritutako enpresa egiteko eredu bat jarri du martxan.
“Bere lehendakaritzapean, Fundazioaren gobernantza eraldatu egin da, sistema sendo bat ezarriz, behar baino ere eskakizun-maila handiagoko kudeaketa-metodo bat aplikatuz, antolaketan eta kontrolean, gardentasun, eraginkortasun eta efizientzian oinarritua. Metodo horri esker, praxi txarrak prebenitzen dira eta kudeaketa txarreko kasuak saihesten dira”, Tu Economía Sarietatik baloratu dutenez.
Bestalde, Xabier Sagredok adierazi du: “Errekonozimendu edo sari honek pozez eta ilusioz betetzen nau, eta, batez ere, bultzada ematen dit. Urte zailak ari dira izaten guztiontzat, hainbat gertakari eta hondamendi ari zaizkigu gertatzen, bata bestearen atzetik, eta horiei azkar, lasaitasunez eta ikuspegiarekin egin behar diegu aurre erakundeen zuzendaritzatik. Gertakari horiek agerian utzi dute kudeaketa zuhur eta erresilientearen garrantzia, ESG (ingurumen, sozial eta gobernu korporatibo) irizpideen araberakoa, GJHak kontuan hartu eta pertsonak erdigunean izango dituena”.
Zazpi urteko kudeaketa sendoa
Xabier Sagredok, BBK Banku Fundazioko buruzagitzan daramatzan zazpi urteetan, arrakastaz egin die aurre Espainiako finantza-merkatuaren kontzentrazio-prozesutik ondorioztaturiko erronkei. Horrela, bere erakundea zuzentzen duen triangelu funtzionala ─gizarte-ekintzak, banku-negozioak eta industria-partaidetzek osatua─ sendotzea lortu du. Finantza-krisiaren unerik txarrenetan, BBK-k bere indarra eta sendotasuna erakutsi zituen, eta arrakastaz gainditu zituen estres test ezagunak, gero eta zorrotzagoak. Gainera, Burtsara ez ateratzeko erabakia hartu zuen, eta bai asmatu ere; izan ere, 2.000 milioi euro baino gehiago galtzeari utzi dio horrela (Deustuko Unibertsitatearen ikerketa batek abalaturiko datua da), eta, horri esker, BBK-k aktibo jarraitu du, Kutxabanken akziodun nagusia izaten eta bere gizarte-ekintza modernizatzen, funtsezkoa baita Bizkaiko gizartearentzat, gaur egun, estatuko lehen gizarte-ekintza izanik inbertsioan.
Azkenik, azpimarratzekoa da Xabier Sagredok enpresa egiteko eredu bat ezarri duela, lehiakortasun iraunkorrean eta 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuen lorpenean oinarritua. BBKtik, gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-eredua aldatzeko lan egiten du Xabier Sagredok, eta aldaketa horrek epe laburreko ikuspegi edo kortoplazismoaren amaiera adierazten du. Enpresei, instituzioei, erakundeei eta herritarrei dagokien eredu sozioekonomikoa defendatzen du, bidezko lehiakortasunean oinarritua, berrikuntzaren, teknologiaren eta talentuaren alde egiten duena baina gizarte-, ingurumen- eta gobernantza-irizpideak errespetatuz, eta egunerokoan hartzen diren erabakietako bakoitzaren ondorioei buruzko hausnarketa sakona ere eragiten duena. Beraz, eredu sozioekonomiko globala da, ongizate-estatua babestea ekonomia hutsaren aurretik jartzeko premiatik sortua, eta gure bizitzako eremu guztietan (pertsonal, lan, ingurumen eta abarretan) eta rol guztietan (kontsumitzaile, enpresa, erakunde… gisa) erabakiak hartzeko orduan koherentzian oinarritzen da. Balioetan, etikan eta humanismoan oinarritutako eredua.
Xabier Sagredoren profila
Portugaleten jaio zen duela 49 urte, eta Trapagaranen (Bizkaia) hazi zen. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta enpresa pribatuan egin du bere zuzendaritza-ibilbidea, batez ere finantza- eta enpresa-esparruetan, eta zenbait graduondoko ditu. Bere espiritu ekintzailea agerian geratu zen bere ikasketak eta tarte libreetan ematen zituen klase partikularrak uztartzen zituen garaian. Eta bere lan-ibilbideak erakusten ditu bere indarra eta kemena.
Ipar Kutxan hasi zen 1997an, eta gero eta ardura gehiago hartu zituen han. Lehenik, Barne Auditoriako arloan, eta, ondoren, Ez Negozio eta Hedapen eta Ondarea arloaren zuzendaritzan. Hamar urte geroago, banka utzi eta, beste bazkide batzuekin batera, Transitia kontzesionarioa sortu zuen, Zuzendaritza Nagusia hartzera iritsi zelarik. Bere ibilbide profesionala garatu eta aldi berean garrantzi bereziko hainbat enpresa eta erakundetako (Iberdrola Generación…) administrazio-kontseiluetan parte hartu zuen eta, gainera, energia-konpainiako Auditoria eta Araudia Betetzeko Batzordeko kide izan zen.
2012-2013 bitartean, BBK-ko lehendakariorde eta Auditoria Batzordeko buru izan zen. 2013tik 2015era, finantza-erakundeko arduradun nagusia izan zen, eta postu horretan egon zen BBK Banku Fundazioko lehendakari izendatu zuten arte.
Beste saritu batzuk Tu Economía 2022 Sarietan
Xabier Sagredoz gain, Tu Economía Sarien VIII. edizioan beste hauek ere saritu dituzte: Tobías Martínez, Cellnex Telecom-eko CEO, Ibilbide Profesionala kategorian; Banco Sabadell, Ibex 35 Balore Onena; Nautalia, Pandemia garaian Krisi Kudeatzaile Onena; American Express (Amex) Giza Baliabideetako Politika Onena; Daniel Chong moda-osagarrien diseinatzailea, CaixaBank pyme saria; Viajes El Corte Inglés, Nazioartekotzeari emandako saria; MIC Insurance, Kauzio Aseguru Konpainia Onena; Innolab, ekonomia digitalerako berrikuntza hub-a Cofidis-ek bultzatua, Enpresa Ekimen Onena; LUDA Partners, Espainian medikamentu-hornikuntza arazoekin farmaziei laguntzen dien konpainia, Ekimen Digital Onena; eta Heineken España, Gizarte eta Ingurumen Inpaktuko Enpresa Onena.