‘YARIN’ ESTREINATUKO DU BBK SALAK; EKOIZPEN PROPIO BERRIA DA

Lehenengo ekoizpen propioak (Yerma) antzerkiari begiratzen bazion eta bigarrenak (Borderland) operari, 2023rako dantza-ekoizpen propioaren alde egin du BBK Salak. Gaur goizean aurkeztu dute ‘YARIN’, bi sortzaileen abizenak batzen dituen izena, turkieraz ‘bihar’ esan gura duena.

Bi sortzaileen arteko miresmena da pieza honen ernamuina, eta bi kultura horiek (Euskal Herrikoa eta Andaluziakoa) hurbiltzen ditu, “elkarrekin hitz egiteko, ulertzeko eta konektatzeko”. Pieza honek elkarbizitzara, aniztasunera eta topaketaren aberastasunera dei egiten du, non bi gizonek dantza egiten duten beren nortasunaren naturaltasun eta zintzotasunetik komunikatuz.

Datorren urtarrilean Bilbon “YARIN” lehen aldiz ematen denean, BBK Salak bere hirugarren muntaia propioaren ekoizpen-prozesua amaituko du, oraingo honetan Flamenkoaren Sevillako Bienalarekin batera ekoitzia (non “YARIN”en aurrestreinaldia irailaren 29an izan baitzen). Ondoren, bira bati ekingo dio ikuskizunak, eta Ameriketan (Kolonbia) ere dagoeneko berretsita ditu hitzorduak.

Pieza honekin, BBK Sala Bizkaiko arte eszenikoen erakustoki nagusietako bat izateaz gain, sorkuntza independenterako gune gisa sendotzen da, tokiko talentuaren, berdintasunaren eta kalitatearen aldeko apustua egiten duelarik; duela bi urte hasi zen lan horrekin, eta dagoeneko bi arrakasta biribil lortu ditu. Bere lehen ekoizpen propioa “Yerma” antzezlana izan zen, Lorcaren historiaren bertsio librea, María Goiricelayak (aretoko arte eszenikoen programatzaile artistikoa) idatzi eta zuzendutakoa. 2020an eman zen lehen aldiz, eta oraindik biran dago. Gaztelaniazko nahiz euskarazko bertsioa du, eta dagoeneko 40 emanaldi baino gehiago egin ditu.  2021ean, BBK Salak bere bigarren ikuskizuna aurkeztu zuen, ganbera-opera ekitaldi bakarrean, “Borderland –buru madarikatua–”, mugako nortasunaren nahasmendua duen emakume bati buruzkoa, Marta Eguiliorrek Igor Escuderoren musikarekin sortua. Lehen emanaldia Bilboko aretoan egin ostean, Alcala de Henaresen Corral de Comedias aretoan ikusi ahal izan zen eta, 2023an, Madrilgo Fernán Gómez antzokian izango da.

YARIN 2023ko urtarrilaren 14an eta 15ean 19:00etan ikusi ahal izango da. Sarrerak salgai daude.

salabbk.bbk.eus